Euskara ikasle atzerritarrei omenaldia

Gizartea kohesionatzeko eta jatorri anitzeko herritarrak elkarrengana gerturatzeko euskarak duen indarra eta ahalmena nabarmendu dira. Euskararen Nazioarteko Eguna dela egindako ekitaldi honetan, Aldundiaren izenean, esker ona eta errekonozimendua adierazi diegu euskara ikasten ari diren ikasle atzerritarrei, euskal hizkuntzara eta kulturara gerturatzeko egiten ari diren ahalegina jendaurrean aitortuz.

          Gaur egun gure lurraldean 130 hizkuntza hitz egiten dira, euskaraz eta gaztelaniaz gain; horietatik hamarren kasuan, gainera, 1.000 hiztun baino gehiago dituzte gurean. Zabaltasun horrek gure gizartea aberastu egiten du, munduaren beraren aniztasuna hemen, Gipuzkoan eta bertatik bertara, islatzen du. Gaurkoan, batetik, gipuzkoar berriek gure gizarteari egiten dioten ekarpen hori aintzat hartzen dugu. Eta, bestetik, euskaraz ikastera animatu nahi ditugu, euskara ingurukoengana gerturatzeko bidea delako, gure herrian bizitzeko eta lan egiteko tresna positiboa delako.

          Atzerrian jatorria duten zortzi ikaslerekin elkartu gara gaur, kezka eta ikaste prozesuak gertutik ezagutu asmoz. Ondoren, harrera ofiziala eskaini diegu foru jauregiaren ohorezko sarreran. Bertaratu diren taldekideetatik sei ertamerikarrak eta hegoamerikarrak –Kolonbia, Mexiko, Uruguay, Honduras– dira jatorriz; beste biak, berriz, Estatu Batuetatik eta Portugaletik iritsi dira Euskal Herrira.