“Kudeaketa eraginkor eta arduratsuaren bermea da EAJ”

LAZKAO. “Udala edo Aldundiaren ardura edukitzeak eskatzen du herrirako eta lurralderako eredu eta proiektu argi bat edukitzea; eta, gainera, gestioan zorroztasunez eta arduraz jokatzea”. Ideia hori abiapuntu gisa hartuta, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, ordezkatzen duen alderdia “kudeaketa zorrotz eta arduratsuaren berme” dela aldarrikatu du, gaur arratsaldean Lazkaon egindako ekitaldi politikoan.

Datozen Udal Hauteskundeetarako Kepa Zubiarrain alkategaia buru duen hautagaitza aurkeztu du EAJ-PNVk eta zerrendakideei babesa azaldu nahi izan die Olanok. Hain zuzen ere, Lazkao lurralde osorako “eredu” gisa goraipatu du egungo diputatu nagusiak, bertako udalak gaur egun zor publikorik ez daukalako, “azken lau urteotan egindako kudeaketa eredugarriari esker”. Gipuzkoak oro har bere erakundeen zorra “nabarmen” jaitsi badu –Aldundian, adibidez, lau urtean 100 milioitan jaitsiarazi da zorra–, hautagaiak gogoratu duenez, hori EAJk erakundeetan egindako “lan serioari” esker izan da.

“Datozen hauteskundeetan hori ere aukeratu beharko dute herritarrek. Ziurgabetasuna ala konfidantza; erakundeen kudeaketa aldakor eta arina ala gestio arduratsu eta zorrotza; gizarteari bizkarra emanda lan egitea ala desafio eta arazoei elkarrizketaren bidez aurre egitea; iragana ala etorkizuna”, konparatu du Olanok. “Ardura, seriotasuna, elkarlana eta erakundeen kudeaketa egokiaren bermea EAJ da”, laburbildu du.

Diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu duenez, Kepa Zubiarrainek eta bere lan-taldeak “bete-betean” bat egiten du eredu eta berme horrekin, Lazkaoko alkategaiak industriaren alorrean kudeaketa eta finantza-arduradun gisa izandako ibilbideak erakusten duen moduan. Horregatik guztiagatik, “herriaren eta herritarren alde, Gipuzkoa sendo, lehiakor eta sozialki aurreratu baten alde” lan egiteko emandako pausoa eskertu die Olanok hautagaitzako kideei.

Diputatu nagusiak, baita ere, azken lau urtean herrian eta lurraldean bizitako aldaketa nabarmendu du. “Lazkao hazten ari da herri gisa, ekonomia, gizartea eta elkarbizitza mailan. Berdin ari da gertatzen gure lurraldean. Sendoago, indartsuago gaude, langabeziak behera egin du eta gizarte kohesionatuagoa daukagu. Gure ekarpena nabarmena izan da alor horietan. Enpresak eta industriak lagundu ditugu lanpostu gehiago eta hobeak sortzen, Deskargako obrak amaitu ditugu, pobrezia eta prekarietatea bizi duten pertsonei lanpostu duin bat lortzen laguntzeko tresna berritzaileak sortu ditugu eta elkarlanean aritu gara buru-belarri eragile, enpresa eta herritarrekin”.

Lankidetza horren lekuko, “euskararen alorrean sortutako elkarlan dinamikak” goraipatu ditu Olanok. “Kapazak izan gara agenda partekatu bat osatzeko erakundeen eta herri eragileen artean”, azpimarratu du.

“Hori guztia da Gipuzkoaren oraina eta etorkizuna eraikitzea. Eta datozen hauteskundeetan horixe dago jokoan. Gure lurraldea eta herriak indartzen segitzea, etorkizuna eraikitzen jarraitzea edo, beste aldean, ziurgabetasuna, liskarra eta iragana. EAJ da jarrera arduratsua eta segurua gure erakundeetan, EAJ da etorkizuna”, laburbildu du.

Lazkaoko hautagaitza

Lazkaoko batzokiaren aurrean egindako ekitaldian aurkeztu du Kepa Zubiarrain alkategaiak datozen lau urteotan alboan izango duen lan taldea, baita hauteskunde programako ildo nagusiak ere. Banan banan izendatu ditu bere taldekide guztiak, baina aurretik eskerrak eman nahi izan dizkie legealdi honetan lanean aritu direnei eta pauso bat aurrera eman eta taldera batu diren kide berri guztiei.

Kepa Zubiarrainek adierazi duenez, “esperientzia bezain garrantzitsua da berritasuna talde honek etorkizunean jarraipena izan dezan”. “Hori dela eta, profil ezberdinetako pertsonak eta pertsona berriak eta gazteak gehitu ditugu taldera. Beraz, gaztetasuna, berritasuna, esperientzia, ilusioa, lanerako gogoa eta helduenen esperientzia eta babesa uztartzen dituen hautagaitza talde sendoa osatu dugu”, azaldu du.

Alkategaiak gogora ekarri nahi izan du 2011-2015 legealdia, “geldialdiaren” garaia izan zena. “2015ean EAJk udal ardurak berreskuratu zituenean, Lazkao geldo bat aurkitu zuen, noraezean zebilen Lazkao bat” jarraitu du. “Legealdi honetan geldialditik atera du EAJk Lazkao eta zorionez atzean utzi dugu guzti hura eta orain etorkizunera begira jarraitzeko garaia da” azaldu du.

Zubiarrainek balioan jarri nahi izan du EAJk 40 urteotan Lazkaon egindako lana “40 urteotan proiektu sendo bat dugula erakutsi dugu, baita kudeaketarako eta akordioetara iristeko gaitasuna eta argi utzi dugu emandako hitza betetzen dugula”. Ondoren, aurrera begirako konpromisoak azaldu ditu, kiroldegiaren berritze proiektua, auzo eta kaleetan irisgarritasuna eta mantenua hobetzen jarraitzea, ahulenei babesa eta laguntza eskaintzen jarraitzea eta berdintasuna eta ingurumena erdigunean jartzea aipatu ditu, baita elkarbizitza eta errespetua oinarri izango dituen Lazkao eraikitzen jarraitzea ere.

“EAJ-PNV edo ezker abertzalea, hori da datozen hauteskundetan jokoan dagoena”

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, Ordiziako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur. Bertan, datozen foru hauteskundeen inguruko gogoeta egin du eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoako erakundeak nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura “krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak” markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian.
“Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
Joan den igandeko hauteskunde orokorrei erreferentzia eginez, Olanok azaldu du gizarteak “erreakzio irmo eta demokratikoa” izan zuela bozetan, “populismo xenofoboa eta muturreko zentralismoa” zabaltzeko arriskuari aurre eginez. “Gizarteak erakutsi du ez duela inboluzio politiko edo sozialik onartzen, gure autogobernuaren eta erakundeen alde egiten duela, eta gizarte gaietan aurrera egiten jarraitu nahi duela”, gogoeta egin du.
Horrez gain, Olanok irakurketa oso positiboa egin du EAJ-PNVk lortutako emaitzen inguruan, aipatutako “erreakzio demokratikoaren buru” izan delako. Bere iritziz, gizarteak babestu du azken legealdian bere alderdia erakundeetan egiten ari den “lan serio eta eraginkorra”, zein autogobernuaren eta erakundeen defentsan duen “sinesgarritasuna”. Hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeak “aukera berri bat” eskainiko dute, bere iritziz, “Ordizia eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko” eta lurraldeak bere osotasunea “etorkizunera begira jarraitu dezala” erabakitzeko.