“Etorkizuneko ekonomiara eta kohesio sozialera bidean jauzi berria emateko unea da”

DONOSTIA. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok gaur goizean aurkeztu ditu datozen foru hauteskundetarako programaren oinarriak. Nabarmendu duenez, “kalitatezko enplegua” eta “pertsonen ongizatea” bultzatzeak izango dute “lehentasun osoa”. Olanok “kudeaketa bizi eta eraginkorra” eskaini die Gipuzkoako herritarrei, lurraldea ekonomikoki eta sozialki indartzen jarraitzeko eta Gipuzkoa ireki, lehiakor eta dinamikoa eraikitzen segitzeko.

“Gipuzkoak asko egin du aurrera legealdi honetan. Duela lau urte baino sendoagoa da. Gure ekonomiak eta gure enpresek indartzen jarraitzen dute, eta gizarte desberdintasunak murriztuz doaz”, esan du Olanok, Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan elkartu diren hedabideen aurrean. Hala ere, gehitu duenez, lurraldeak “ezaugarri eta baliabide nahikoa” ditu maila guztietan “apustu berriak” egiteko, betiere “anbizio eta berrikuntzaren” ikuspegietatik. “Gipuzkoako indartzen jarraitzeko unea da, etorkizuneko ekonomia eta gizarte kohesionatuago baterantz jauzia emateko momentua”, aurreratu du.

Diputatu nagusi izateko hautagaiak bere hauteskunde programak jasotzen dituen hamar lan lerroak xehatu ditu. Ideiak hauek datozen asteetan osatuko ditu alor ezberdinetako adituen ekarpenekin, eta lurraldeko ehun ekonomiko eta sozialaren ordezkarienekin. Lan talde bat jada ari da dinamika honetan lanean, Olanok azaldu duenez. Lurraldeko hauteskunde barrutietako EAJ-PNVren hautagaitzen buru diren Eider Mendoza, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Xabier Ezeizabarrena egon dira berarekin aurkezpenean.

Olanok gogoratu duenez, “kudeaketa eraginkorra” eta “ondo eginiko lana” EAJ-PNVren ezaugarri nagusiak dira, eta baita legealdi honetan Foru Aldundian egindako lanarena ere. Gainera, gizartea erabaki guneetara gerturatzea lortu da, partaidetza eta gardentasunaren bitartez. “Gobernu estilo honek ez dauka atzera bueltarik, eta datorren legealdiak hau egonkortzeko balio behar du”, esan du. Aurrera begira, eraginkortasun eta gertutasunetik lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, Gipuzkoak aurrera pausoak ematen jarrai dezan aipatutako hamar alorretan.

Lehenik eta behin, hautagai jeltzaleak gogoratu du gure enpresen “posizioa” nabarmen hobetu dela azken urteetan, industria jarduera egonkortu eta langabezia tasa %8 arte jaitsi baita. “Honek izan behar du ekonomia berria bultzatzeko oinarria, eta honela enplegu gehiago eta hobeagoa sortzeko”, proposatu du. EAJ-PNV osatzen ari den programak, beraz, hainbat neurri jasoko ditu enpresen modernizazioa bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainak indartu, teknologia garapena eta etorkizuneko sektoreak indartu, enpresa ehunaren lehiakortasuna merkatu berrietan bermatu eta lankidetza eta ekintzailetza aldezteko.

“Ekonomia indartsua izateak ez du ezertarako balio ez badago pertsonen zerbitzura”, adierazi du. Honenbestez, “pertsona guztien ongizatea eta integrazioa bermatzea” izango da bere programako “bigarren lehentasun puntua”. Olanok gogoratu du legealdi honetan “nabarmen” zabaldu direla kolektibo ahulenentzako arreta zerbitzuak, eta zahartzea eta inklusioaren erronkei aurre egiteko lurralde estrategien oinarriak jarri direla. Hemendik abiatuta, Gipuzkoako gizartea indartu eta kohesionatzen jarraitzean jarri du azpimarra Olanok. Horretarako, zerbitzu sozialak babestu eta bultzatu, zahartze osasuntsu eta aktiboa bermatu, gizarte ezberdintasuna borrokatzeko programak garatu eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen lan eta gizarte integrazioaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du.

 

Berdintasunarekin konpromisoa duen Gipuzkoa

Gainerako lan lerroei dagokionean, EAJ-PNVren arabera, bere programak politika berria sustatu eta gobernatzek modu “parte hartzaile eta gertukoa” sustatzen jarraitzeko erabakia islatuko du, “komunitateari ematen diogun zerbitzua” Aldundiaren ezaugarri nagusi bihurtuz. Laugarren puntuan, “berdintasun eta aniztasunarekin konprometituta” dagoen Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko nahia jaso du Olanok, helburua Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea izaki, gizarte, ekonomia eta genero ikuspegietatik. Horretarako balio demokratikoak indartuko dira, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta identitate aniztasuna.

Bosgarren puntuan, lan lerro nagusien artean kokatzen da euskara “umetatik” indartzea. Horretarako hizkuntza honen aldeko babes soziala indartzea aurreikusten da, ikasketa eta erabilera bultzatu eta euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza sustatuz.

Gainera, Olanok gogoratu du Gipuzkoak “lidergoa hartu dezakeela klima aldaketari aurre egiteko gizarte transformazioan”, betiere ere “denok serio hartzen badugu gai hau”, lurraldearentzako ere “hil ala biziko” kontua baita. Honela, bere programak proposamen berriak jasoko ditu “ingurugiroari begira politika espezifikoa” garatzeko, herritarrak kontzientziatzeko eta CO2 isurketak murrizteko. Hau guztiagatik, diputatu nagusiak konpromisoa hartu du garraio publikoaren erabilera “bultzatu eta indartzeko” bere zazpigarren lan lerroan, “errepide sare eta garraio publiko jasangarriak” lortzeko bidean. Lurraldeko errepide guztien modernizazioan aurrera egin eta sarearen kudeaketa adimentsua sustatzea ere faktore “kritikoak” dira lurraldearen etorkizunerako, Olanoren ustetan.

Azkenik, eta programaren oinarriekin jarraituta, EAJ-PNVk pertsona guztientzako “kultura eta kirolerako sarbidea” bermatzeko konpromisoa hartzen du, eta baita ere bizikidetza “gizartearen balio nagusi” bihurtu eta gure autogobernua indartzeko, “gure egonkortasuna eta aurrerabidea sostengatzeko”.