EKKIN plataforma digitala

Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako aurkezpenean, EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak plataforma digital berritzailea aurkeztu du gaur arratsaldean. Metadatuetan oinarritutako sistema aitzindari honen bitartez, euskarazko artista, sortzaile eta egileek beren obren erabilerak modu automatikoan identifikatu eta bidezko ordain bihurtzeko aukera izango dute aurrerantzean. Euskarazko lanek merezitako errekonozimendua izateko aurrerapauso garrantzitsua da, orain arteko oztopoak gaindituz, interneten zein komunikabideetan ez baitzegoen oraindaino tresna garaturik euskarazko lanek duten egile eskubideengatiko irabazia modu justu eta zehatz batean sortzaileei itzultzeko.

EKKI zoriondu behar dugu egindako lanagatik, euskarazko sorkuntzak egungo kontsumo plataformetan duen hutsune garrantzitsu bat gainditzeko tresna bat sortzeagatik, modu berritzailean sortu ere. Digitalizazioak eskura jartzen dizkigun tresnak baliatu dituzue, egileen eskubideen kudeaketarako, eta horrela kulturgileen lanarentzako errekonozimendu justuago bat lortzeko bidean zaudete. Kontuan izanda sortzaileak zaretela euskararen hauspo nagusietako bat, ziur nago gure hizkuntzan egindako lanei bultzada bat emateko balioko duela.

EKKIN plataforma digitalaren garapenak Etorkizuna Eraikiz programaren babesa jaso zuen 2020an, Herritarren proiektuei eskainitako diru-laguntzen baitan. Euskararen erabilera eta geroa bera ziurtatzeko buru-belarri lanean dihardugun honetan, gizarte bezala hain gureak ditugun elkarlana eta berrikuntza gaitasuna indartu behar ditugu ezinbestean.