Konpromisoaren eta gazteen talentuaren alde egiten dugu, Gipuzkoa aurrera jarraitzeko

Markel Olanok bere web orri berria aurkeztu du gaur, datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetara begira egina (www.markelolano.eus).  Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, hogeita hamar bat gazterekin sare sozialei eta ingurune digital berriari buruz egindako topaketan egin du aurkezpena diputatu nagusiak.

“Diseinu erraz, bisual eta intuitiboa dauka, eta iraganak, orainaldiak eta etorkizunak bat egiten dute bertan, legealdi honetan izandako lorpenak zein datorrenerako ditugun proposamen nagusiak jasotzen baititu web orriak. Datozen foru hauteskundeei begira, gure komunikazio erreminta nagusia izango da”, azaldu du hautagai jeltzaleak. Olanoren ustetan, plataforma berriari esker “herritarrekin dauzkagun komunikazio kanalak indartuko dira”, bi helbururekin: “gure proposamenak era argi eta erakargarrian aurkeztea, batetik, eta partaidetzari atea irekitzea posta elektronikoa eta sare sozialen bidez, bestetik”.

Olanok gogorarazi duenez, lurralde osoan zehar, herritarrekin eta eragile sozialekin eta ekonomikoekin egindako topaketak “funtsezkoak” izan dira Gipuzkoarentzat estrategikoak diren proiektuak abiarazteko.”Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko proposamenak diseinatu eta auzatzeko ezinbestekoak da gazteen parte-hartzea eta inplikazioa”. Hain zuzen, azken urteotan, ugariak izan dira Etorklizuna Eraikiz egitasmoaren barruan egin diren lan dinamika eta tailerrak, proposamen eta ideia berriak jasotzeko. “Hau da aurrerantzean ere jarraitu nahi dugun bidea, gazteekin batera egin nahi duguna”, erantsi du Olanok, “euren inplikazioa, konpromisoa eta formazioa Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko izan ditzakeen bidelagun onenak direlako”.

Webguneak eta sare sozialak, gaur egun, etorkizunerako kolaboratzen jarraitzeko informazio eta komunikazio kanalak dira. Gipuzkoak eta bere administrazioak apustu irmoa egin dute kudeaketa prozesuen digitalizazioan sakontzeko, desburokratizazioa sustatuz eta komunikazio kanal berriak irekitzeko, entzute aktibo batekin, lurraldean benetako komunikate digital bat eratzeko, Gipuzkoa alor digitalean eredugarri bilakatzeko.

Atari berria gaur goizean Gipuzko Buru Batzarrean egin den lan-topaketan aurkeztu du. Batzarraren xedea sare sozialak eta ingurune digital berriak aztertzea izan da, eta bertan 30 bat alderdikide gaztek hartu dute parte. Olanok, bere hitzaldian, azaldu du Foru Aldundiak legealdi honetan apustu garrantzitsua egin duela gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoaren alde, eta baita digitalizazioaren alde ere. Gogoratu duenez, Estatuko administrazio digitalik onenaren aitorpena jaso du berriki foru erakundeak. Esperientzia hau guztia oinarri, web orri berria “gertutasun eta gardentasun irizpideei jarraiki diseinatu dugu, betiere gaur egungo gizarteak dituen behar eta eskaerei zorrotz egokituta”.

Olanok gogoratu du EAJ-PNVren hauteskunde proposamenak pertsonak oinarri dituen Gipuzkoa sendoa eraikitzea duela helburu. Horretarako, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da ahalegin honetan eragile politiko, ekonomiko eta sozialak eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea. “Partaidetza modu berriak martxan jarri behar dira, eta horretan ari gara, gure lurraldeak etorkizunerantz berme guztiekin egin dezan. Horretarako, gero eta pertsona gehiagoren engaiamendua sustatu behar dugu. Web orri berri hau martxan jartzea, honenbestez, testuinguru honetan kokatzen da”, nabarmendu du.

 

Iragana, orainaldia eta etorkizuna

Ataria bost atal nagusitan banatzen da: azala, hautagaia eta bere taldearen profila, legealdi honetako lorpen nagusiak, datozen lau urtetarako proposamenak eta albisteen atala. Orriaren azalak azken berriak jasotzen ditu, Markel Olanok parte hartu duen ekitaldian agenda eta amaitzen ari den legealdi honetan lortutako 50 mugarri nagusien bilduma. Markel Olano atalean, bere aldetik, EAJ-PNVk maiatzeko hauteskundetara aurkeztu dituen zerrendetako buruen biografiak datoz: Markel Olano (Oria), Eider Mendoza (Bidasoa-Oiartzun), Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) eta Xabier Ezeizabarrena (Donostialdea).

Bestalde, Lau urte hauetan alorrean Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan lortu dituen aurrerapausoak biltzen ditu, hamar zifren bitartez irudikatuz. Puntu honetan, Olanok gogoratu du bere gobernu taldea foru erakundera iritsi zenean, 2015ean, paralizatuta zegoen Gipuzkoarekin eta gizartearengandik guztiz urrunduta zegoen Aldundiarekin topatu zela. Hala ere, azken lau urtetan egindako lanari esker, “gure lurraldearen ezaugarri diren jarduera eta dinamismoa berreskuratzea lortu ditugu, eta erakundea herritarrekin berriro ere konektatzea, politika egiteko modu berrien alde egin dugun apustuari esker”. Azkenik, Hurrengo lau urteak atalean, Markel Olano buru den hautagaitzak dituen lau lan lerro edo ideia nagusiak biltzen dira: ekonomia gehiago, gizarte zerbitzu gehiago, gure erakundeen defentsa eta politika egiteko era berrien aldeko apustu irmoa.