Olanok 200 milioi euro bideratzea proposatzen du enpresa indartzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta ekonomia berria bultzatzeko

TOLOSA. Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusia eta EAJ-PNVren berrautaketarako kandidatuak, Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plan berria aurkeztu du gaur goizean, 2019-2023 aldirako, zeinari 200 milioi euro bideratuko dizkion, eta hiru ardatz nagusitan oinarrituta dagoen: enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada. Kanpainako lehen proposamen hau aurkeztu du Olanok Tolosa eta Usurbilgo Lanbide Heziketako zentroetara, Lanbide Heziketako sailburuordea den Jorge Arévalorekin batera, eginiko bisitan.

“Gure helburua Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea da; gure lurraldeko enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen, eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak eman daitezen lagundu nahi dugu: fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean”, laburbildu du hautagaiak.

Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plan berriak, lehenengo zutabeari dagokionean, enpresaren indartzea, pertsonak eta euren ezagutza sustatzea bilatzen du, baita garapen teknologikoa, lehiakortasunerako azpiegituren ekosistema, nazioartekotzea, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea, eta zailtasun egoeretan dauden enpresak laguntzea ere. “Uste dugu ezinbestekoa dela talentua sustatzea, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzea, kontziliazio politikak zabaltzea, nazioartekotzea eta ekintzailetza ekosistema indartzea, beste gauza batzuen artean, Gipuzkoako etorkizuneko lehiakortasuna indartzeko”, adierazi du Olanok, “bere enpresak sendotzen dituen lurraldea, lurralde indartsua delako”.

Bigarren ardatzak enpleguaren kalitatean sakontzen du: “Gure ekonomia garapenaren erronketako bat horri lotuta doa. Garapen pertsonal zein profesionalerako pertsona ororen baldintza duinak bermatu behar ditugu. Lehentasuna da guretzat egoera horri erantzuna emango dien neurri integralak zehaztea”. Horretarako, pertsonen gaitasunak sendotzeko eta kalitatezko enplegua hobetzeko, enpresak laguntzea proposatzen du hautagaiak, “enpresa sendo eta bideragarriak edukitzea delako modurik onena bizi-proiektu duinak garatzeko aukera ematen duten enpleguak lortzeko”.

Kanpainan aurkeztutako EAJ-PNVren lehen proposamen ekonomikoaren azken ardatza aktibitate ekonomiko berria bultzatzeari lotuta dago. “Egun bizi dugun testuinguru aldakor honetan, funtsezkoa da politika berritzaile eta ausartak martxan jartzea. Horregatik ekintzailetza, barne-ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria sortzaileak sustatzea proposatzen dugu; Gipuzkoaren ezaugarri eta altxor garrantzitsuenetariko bat direlako, eta baita gure lurraldea hazteko aukeretako bat ere”, gehitu du Markel Olanok.

Lanbide Heziketa indartu talentua enpresekin konektatzeko

Markel Olanok EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoaren aurkezpena egin du, Lanbide Heziketako Tolosako eta Usurbilgo zentroetara eginiko bisiten testuinguruan. Bisita hauen helburua da LH-ko profesional eta ikasleen bizi duten errealitatea gertutik ezagutzea, eta Gipuzkoak aurrean dituen erronka sozio-ekonomikoen inguruan aritzea. Markel Olanok defendatu du “Lanbide Heziketak jokatzen duten papera indartzea beharrezkoa dela talentua eta heziketa-eskaintza, enpresa munduko beharrekin lotzeko”.

Olanok baieztatu du, “etorkizunean egingo dugun bezala”, azken lau urtean Gipuzkoako Foru Aldunditik “enpresen laguntzetan sakondu dugu, etorkizuneko sektoreen, kalitatezko enpleguaren eta talentuaren aldeko apustua eginez; euren beharrak entzunez eta horiei erantzuna emanez”. Hautagaiak gehitu du: “Ezinbestekoa da LH-ren aldeko apustua egiten jarraitzea, Gipuzkoako enpresa-ehunaren eskakizunak, eskaintzarekin parekatzeko” Horretarako, Olanok dio, elkarlanean oinarrituta, beharrezkoa dela “talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko estrategia koordinatu eta partekatu batean aurrera egitea. LH eta formakuntza duala, enpresek euren plantilletan zenbait profil txertatzeko duten premiari erantzuten ari dira dagoeneko”.

“Lurralde osoa norabide berean lerrokatu dadin, kolaborazio logikak garatzeko guneak sortu nahi ditugu”, jarraitu du Olanok. “Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du enpresek behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik datozen eskakizunen arteko lotura estutzen”. Horregatik, hautagaiak gobernantza eredu berri batean sakontzeko beharra azpimarratu du, “eskualdeekin batera Gipuzkoaren garapen sozio-ekonomikorako politikak garatzeko. LH sareak lurralde estrategian eta politika publikoen garapenean parte hartu dezan jarraituko dugu lanean”.

Hautagaiak balioan jarri du Gipuzkoako LH-ko zentro publiko eta pribatuek osatzen duten sare “sendoa”, “europar abangoardian dagoena, izan ere, elkarlanari esker, gizarte aurreratuetan estrategikoak diren erronka eta sektoreetan proiektu berritzaileak garatzen ditu”. Olanok gehitu du LH-k “lurraldea egituratzen” duela, eskualdeetan “lehen mailako eragilea” dela, eta “lurraldearen etorkizuneko sektoreetan bultzatzen, indartzen eta sustatzen jarraitu behar dugun balio bat” dela.

“Pertsonen talentua gizarte-eraldaketaren motorra da, eta hori dela eta talentu horren kudeaketa egoki bat egiten jarraitu behar dugu, enpresen behar eta eskakizunetara konektatuz”, laburbildu du Markel Olanok. “Hain zuzen ere, hori izango da gure industria eta ekonomiaren erritmoa mantentzeko giltzarria; Lanbide Heziketan talentuaren aldeko apustua egitea Gipuzkoako etorkizun ekonomikoaren bermea da”.

Gipuzkoarentzat onuragarria

Joan den asteko ostegunean, Finantzen Euskal Kontseiluan, euskal erakundeek erabaki genuen tributu itunduetatik datozen baliabideen ekarpenak zehazteko sistemaren ixte mekanismoa sendotzea. Akordioa negoziazio baten ondorio izan da, eta Gipuzkoaren interesak gailendu dira bertan; hortaz, ona da oso lurraldearen intereserako.

Azaldu egingo dugu. Akordioa Ekarpen Legearen berrikuntza prozesuan kokatzen da, zeinaren arabera zehazten baita foru ogasun bakoitzak egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa zehazteko metodologia. Izatez, arau horren indarraldia 2007tik 2011ra bitartekoa zen, baina berritzeko akordiorik lortu ez zenez –logikoa da irabazirik gabeko negoziazioez ari garelarik, batek irabaztekotan beste batek galdu behar izaten baitu–, epe hori luzatu egin zen.

Sistemak horrela funtzionatzen du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bilketa egiten dute, eta, gero, Finantzen Euskal Kontseiluan poltsa bakar batean uzten da bildutako guztia. Hortik ordaintzen zaio kupoa Estatuari, egokitzapen txiki batzuk egiten dira, eta, gainerakoa, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoen artean (aldundiak eta udalak) banatzen da, Ekarpen Legeak ezarritakoaren arabera.

Arazoa da, lege horrek ezarritakoaren arabera, desorekak daudela lurralde historiko bakoitzak biltzen duenaren eta poltsa komun horretara egin beharreko ekarpenaren artean. Hau da, ogasun batzuek gehiago ordaintzen dute bilketa kontuan hartuz teorian ordaindu behar luketena baino.

Egeora hori arintzeko, ixte mekanismo bat dago: Egokitzapen Funts Orokorra. Ixte mekanismo deitzen zaio, ekarpena kalkulatzeko prozesuaren amaieran baliatzen delako. Funts horretan biltzen da banatu beharreko bilketaren % 1a, eta bildutakoaren proportzioan ekarpen handiagoa egin duten lurralde historikoei banatzen zaie. Zein da arazoa? Urte askoan ez duela zuzkidura nahikoa izan sortutako desorekak zuzentzeko. Argi hitz eginez, Funtsa motz gelditzen zela.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean aritu da ixte mekanismo hori sendotzeko. Aldarrikapenak erantzuna izan zuen, azkenean, joan zen asteko Finantzen Euskal Kontseiluan: beste funts bat ezarri zen, Ezohiko Funtsa, indarrean egongo dena Ekarpen Legea berritu bitartean. Guztiok bat gatoz honetan: Legeak hobekuntzak behar ditu eta hori lortzeko lanean ari gara. Baina urratsez urrats joan beharra dago, eta lehen urrats ezinbestekoa egokitzapen funts hori sendotzea zen.

Joan gaitezen haratago, eta ekar dezagun zifretara akordioaren ekuazioa: Ezohiko Funtsa 2017-2018 aldian existitu izan balitz, hau da, orain hain ozen hitz egiten ari diren horiek halako akordio bat lortzea ahalbidetu izan balute, Gipuzkoak 172 milioi euroko finantzazio garbi gehigarria edukiko zukeen. Hau da, 65 milioiko ekarpena egingo zuen funts horretara, eta 237 milioi jasoko zituen bueltan.

Zergatik diogu mugarri bat dela? Zortzi urteko negoziazioen ondoren, lehen aldiz lortu dugulako norabide onean urrats bat egitea. Zortzi urtean lehenengoz, Gipuzkoak negoziazio mahaiko aldarrikapenetako bat gauzatzea lortu duelako. Zortzi urtean lehenengoz, Ekarpen Legeak sorraraz ditzakeen desorekak arintzeko benetako aurrerapausoak egitea lortu dugulako.

Akordioa eztabaidagarria izan daiteke, baina ezin da zalantzan jarri horrek Gipuzkoari ekarriko dion onura. Are gutxiago, hauteskunde kutsuko kritikak badira. Gogorarazi behar da lorturikoa nahikoa ez dela dioten ahots ia guztiak negoziazio mahai horretan egon direla: Alderdi Sozialista Ogasun Sailean zegoen gaur egun indarrean dagoen legea lehen aldiz luzatu zenean, eta Alderdi Popularrak eta EH Bilduk legealdi oso bat egin dute, hurrenez hurren, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietan. Egin al zuten aurrerapausorik? Ez dakigu ozenago oihu edo ostiko egin ote zuten, baina, zenbakiez ari garela, haien ekarpena hutsaren hurrengoa izan zen. Ez zioten inolako mesederik egin Gipuzkoako gizarteari.

Hortaz, historiak argi utzi du Ekarpen Legearen negoziazioan alferrikakoak izan direla maximalismoak, ahotsa besteek baino gehiago goratzea edota eskandalizatzea. Immobilismora garamatza, kanpora begirako ekintzetan geratzen da, eta hori gertuago dago Espainiako politikaren egiteko modutik euskal instituzioen jarduteko modutik baino.  Gure estiloa gustuko izan ala ez, diskretuagoa edo zuhurragoa iruditu, hura izan da orain arte benetako emaitzak, emaitza ukigarriak, eman dituen bakarra.  Hura izan da gipuzkoarren interesei mesede egiten dioten aurrerapauso onuragarriak ekarri dituen bakarra.