AVS enpresara bisita

Lan bilera izan dugu Added Value Solutions (AVS) enpresako arduradunekin. Enpresa hori nazioarteko erreferentzia bat da espazioaren eta instalazio zientifiko handien sektorerako maila teknologiko handiko proiektuen garapenean. Elgoibarko instalazioetara egindako bisitan, Miguel Ángel Carrera kontseilari delegatuak azaldu dizkigu konpainiak lantzen dituen proiektuak, besteak beste, NASAren M2020 misioan duten parte-hartzea. Aurreikuspenen arabera, otsailaren 18an lurreratuko dira planeta gorrian, iraganeko bizitzaren aztarnak bilatzeko eta planetaren klima eta geologia aztertzeko.

Gipuzkoako enpresak “Perseverance” izena duen Rober esplorazio espazialeko ibilgailuaren zazpi zatietatik bi diseinatu, probatu eta eraiki ditu: MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnaren sentsoreak, horien bidez haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa, hezetasun erlatiboa, giro tenperatura eta eguzki erradiazioa neurtuko dituztenak, eta baita SuperCam kalibrazio sistema ere, kamera, laserra eta espektrometro bat erabiliz Marteko arroken kimika urrunetik aztertzen duen instrumentua. Ustekaberik ezean, robotak V-541 Atlas suziritik askatu ondoren ekingo dio lanari. Suziri hori handienetariko bat da planeta arteko hegaldietan erabiltzen direnen artean. Jezero kraterraren hondoan egingo du. Leku horretan bertan laku bat egon zen eta aberatsa da sedimentuz.

Mugarri horri esker, Elgoibarko konpainia posizionatu egingo da planeta gorrirako hurrengo MSR (Mars Sample Return) misioetarako. 2026an aireratuko den misioan, hartutako laginak bilduko dira, eta, historian lehen aldiz, Lurrera ekarriko dira, sakon aztertzeko. AVS oso fidagarritasun handiko sistema mekatronikoen garapenean espezializatuta dago. Sistema horiek muturreko baldintzetan –huts giroan, muturreko tenperaturetan edo erradiazioarekin– funtzionatzen dute, eta, horren ondorioz, NASAk konfiantza izan du harengan tresna horiek diseinatzeko. Misioa behar bezala egiteko funtsezko tresnak dira; izan ere, huts eginez gero, hondatzeko arriskua legoke. Ibilgailuak oso baldintza gogorretan egin beharko du lan: lurraren idorrean, hauts ekaitzekin edo -80 gradura arteko tenperaturetan.

Eibar-Elgoibar bidegorria

Inauguratu dugu Debabarreneko bi biztanlegune nagusiak, Eibar eta Elgoibar, oinezkoentzat eta txirrindularientzat lotzen dituen bidegorria, Azitain – Maltzaga bide-tartea amaitu ondoren.

Bizi garen garaietan, oso pozgarria da Debabarreneko herritarren eskaera historiko honi erantzutea, hau da, Eibar eta Elgoibar bidegorri batekin lotu ahal izatea eta egin duten eskaera historiko horri erantzutea. Izan ere, Debabarrenako bi udalerri nagusietakoak dira, baina baita Gipuzkoa osokoak ere. Hori dela eta, jarduketa honek gure lurraldea egituratzen eta kohesionatzen laguntzen du.

Lehenengo bide-tartea joan den irailean amaitu zen, eta Eibar eta Elgoibar txirrindularientzat eta oinezkoentzat konektatzen dituen bidegorri osoa —2,1 kilometroko luzera— abenduan amaitu da, eta Debabarreneko txirrindulari eta oinezkoen mugikortasunerako funtsezko trazadura eskaini du. Azitain eta Maltzaga konektatzen dituen bide-tarteak lau pasabide ditu zailtasun geografikoa gainditzeko eta txirrindulari eta oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzeko. Horietako bik 80 metrotik gorako luzera dute, eta Ego ibaia eta Deba ibaia eta GI-627 errepidea zeharkatzen dituzte, hurrenez hurren.