Edadismoari aurre egiteko belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka

200 lagun inguru elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean, Etorkizuna Eraikiz Foroaren bigarren edizioan, belaunaldien arteko elkarrizketa ardatz izan duena. Gazteak eta adinekoak, Nazio Batuen Erakundeko aditu bat, erakundeetako ordezkariak eta tokiko eta nazioarteko belaunaldien arteko esperientzien arduradunak ordu eta erdiz aritu dira gai horren inguruan hausnartzen. Guztiak bat etorri dira munduko edozein eskualde edo lurralderen etorkizuneko agendan txertatu beharreko gaia dela azpimarratzerako orduan. Gipuzkoaren kasuan, edadismoari aurre egitea, gazteek zein adinekoek pairatzen dutena, eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea dira landu beharreko bi elementu nagusiak, etorkizunean adin guztietako pertsonen ikuspegia eta premiak integratu eta kontuan hartuko dituen lurraldea eraikitzeko.

Foroa Etorkizuna Eraikiz ekimenak aurten martxan jarri duen komunikazio eta partaidetza-kanal berria da, herritarrak lurraldearen etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidan eta hausnarketan inplikatzeko. Funtsean, plaza publiko berria irekitzea da helburua, non adituek eta herritarrek bat egingo duten hainbat gai interesgarriren inguruan. Esaterako, martxoan Foroaren lehenengo edizioan jorratu zen ziurgabetasunaren gaia, edo belaunaldien arteko elkarrizketa, gaurko ekitaldian landu dena. Foroaren hirugarren edizioa udazkenerako dago aurreikusita, eta aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura izango du ardatz. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzaren emaitza da, eta bi erakunde hauen lurraldeko arduradun nagusiek ekitaldian parte hartu dute.

Horrela, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko lehendakariak egin du ekitaldiaren irekiera, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle, American Universityko Washington College of Lawko irakasle laguntzaile eta NBEko DESC Batzordeko kide den Mikel Mancisidorrek egin du hizlarien aurkezpena. Ekitaldia Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak itxi du. Halaber, ekitaldiaren hasieran bideo bat proiektatu da, gazteen eta adinekoen testigantzak biltzen dituena, eta, denen artea, adin ezberdineko pertsonen arteko elkarrizketa bat osatu dute Foroaren bigarren edizioaren gaiari lotuta, belaunaldien arteko elkarrizketari buruz hain zuzen ere.

Etorkizuna Eraikiz Congress

Mundu osoko aditu eta politologoen bermea jaso du atzo eta gaur Etorkizuna Eraikizek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre hartzeko ereduak, horretarako elkarlaneko gobernantza baliatuz. Pertsona talde honek Etorkizuna Eraikizen funtzionamendua eta esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du, atzo eta gaur Donostiako Kursaalean egin den nazioarteko biltzarrean. Ondorio nagusien artean, “ezinbestekotzat· jo dute proiektuaren jarraipena bermatzea eta estrategia egituratzen amaitzea, epe ertain eta luzera Etorkizuna Eraikiz blindatzeko helburuarekin. Proiektuaren eraginaren ebaluazioa modelizatzea eta proiektuaren bilakaerari buruzko datuen eta adierazleen kopurua handitzea dira planteatutako beste hobekuntzetako batzuk.

Etorkizuna Eraikizi esker, gobernatzeko modu berri bat sustraitzen ari da lurraldean. Gobernantza-eredu horretan gizarteak parte hartzen du eta bere etorkizunari eragiten dioten politika publikoetan laguntzen du. Hala ere, ez da geldirik dagoen prozesua, baizik eta sendotzen eta hobetzen jarraitu behar dugu, arlo horretan erreferenteak diren pertsonen ezagutza aurreratuarekin lotuz”, gaineratu du. Bere ustez, egunotan Kursaalen egin den kongresuak balio izan du, hain zuzen ere, nazioarteko adituen ikuspegiak “aberastu eta hasitako bidea are gehiago sendotzen laguntzeko.

Mundu osoko aditu talde hori Etorkizuna Eraikizek biharko egunari begira hartu beharreko lan lerro eta jarduera ildoez eztabaidatzen eta hausnartzen aritu da, kongresuak iraun duen bi jardunaldietan, lau panel edo azpitaldetan banatuta: gobernantza, ongizate-estatuaren etorkizuna, ekonomia iraunkorra eta trantsizio ekologikoa. Lan horren ondorioak ekitaldiaren amaieran aurkeztu dituzte Elena Costasek, ekonomialari, Ksnet-en sortzaileetako bat eta Politikon-en editorea; eta Ander Caballerok, administrazio publikoan eta enpresa-diplomazian aditua. Kongresuaren bi egunetan, 600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekimenean.