“Lehen sektore sendo bat behar dugu Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko”

500 lagun inguru elkartu dira gaur ‘GURE LURRA. Sembrando futuro’ kongresuan, zeina bultzatzen baitu Foru Aldundiak helburu hauekin: bata, lehen sektorearen errealitatea herritarrei hurbiltzea, eta bestea, Gipuzkoaren ongizaterako beharrezkoa izateaz kontzientziatzea. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, ordezkari instituzionalek, askotariko pertsona ospetsuek eta herritarrek, hainbat gogoeta eta esperientzia partekatu dituzte Ezinbestekoak al gara? galderaren inguruan. Gipuzkoak lehen sektore sendo eta dinamiko bat behar du arrakastaz aurre egiteko etorkizuneko erronkei, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera “erabakigarria” da lurralde “orekatu, sozial, berde eta lehiakor” bat lortzeko: “Zuen erronkak –adierazi du sektoreko eragileei zuzenduz– gure erronkak dira.

Pandemiak kontzienteago egin gaitu urratsak egin beharraz tokiko ekintzatik mundu jasangarriago baterantz. Eta erronka horretan, lehen sektorea funtsezko eragile bat da. Izan ere, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak bermatzen dizkigu; gure landa-eremuei bizia ematen die; natura-ingurunearen kudeaketa jasangarri bati laguntzen dio; klima-aldaketari aurre egiten laguntzen du; eta gure nortasunaren eta gure paisaiaren parte da”. Ildo horretan, gaineratu du Gure Lurra bezalako topaguneak ezinbestekoak direla, zeren eta gizarte gero eta urbanizatuago batean, arriskua baitugu garrantzi hori bistatik galtzeko. Gipuzkoako erronka kolektiboei arrakastaz aurre egin nahi badiegu, ezin gara bizi lehen sektoreari bizkarra emanda. Jarraitutasuna errazteko, berak egiten duen lanaren ezagutzan, sentsibilizazioan eta errespetuan eragiten jarraitu behar dugu.

      Foru Aldundiak “konpromisoa” du arlo hori bultzatzeko politikekin, zeintzuk islatuta baitaude datorren urterako onetsitako aurrekontuetan: Finkatu egin ditugu landa-garapenera eta natura-ingurunea kudeatzera eta zaintzera bideratutako partidak: guztira, 39 milioi inguru dira, hau da, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko aurrekontuaren ia herena. Era berean, iragarri du foru erakundeak zuzeneko laguntza-lerro bat ordaindu berri diela, 1,18 milioi eurokoa, azpisektore kaltetuenei, zeintzuen artean baitago haragitarako eta esnetarako behi aziendarena, eta gaurko Diputatuen Kontseiluak aurrerapenez onetsi dituela 2022ko dirulaguntzak, 3,6 milioi eta 1,12 milioi, hurrenez hurren, helburutzat dutenak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea, eta gazteek enpresa berriak abiaraztea –Gaztenek–.

         40 urtetik beherako 254 lagunek eman dute jarduera horretarako jauzia, programa abiatu zenetik. Beharrezkoa da ekintzaileen harrobi bat sortzen jarraitzea, lekukoa har dezaten eta ezinbesteko erreleboa berma dezaten. Erakarri behar ditugu talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak, sektorearen errealitate berrira egokitzen direnak, zeren eta, etorkizuneko baserria oso desberdina izango baita tradizionalki ezagutu dugunaren aldean.