Eibarko Ospitala COVID-19 kasuei arreta emateko zentroa

Aita Menni-ko mediku-taldearekin eta kudeatzailearekin bildu gara gaur goizean Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan, bertan kokatu baita Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa. Orain arte, Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioan artatu dituzte kasu horiek. Datozen egunetan Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan bi funtzio beteko dituen instalazio bat irekiko dugu: batetik, egoitza saretik datozen COVID-19 eta arnas urritasuna duten pertsonen kasuak artatzeko plazak irekiko dira eta, bestetik, egoitzetako sarrera berriak 14 egunez isolatzeko lekuak ere zabalduko dira.

Errealitate berrirantz goaz, betiere erantzukizunez eta zuhurtziaz, guardia jaitsi gabe eta egoitzak bisitetara nahiz egoiliar berrien sarreretara pixkanaka eta berme guztiekin irekiaz. Egoitza sarea ziklo berri batean murgilduta dago, eta erabakigarria da prebentzio, aurre-hartze eta erantzun azkarreko neurri guztiak zorroztea. Horregatik, Eibarko Ospitalean birkokatu dugun zerbitzuak funtzio bikoitza beteko du eta gaixotasunari eusteko fase berri baten aurrean prest egoteko aukera ematen digu.