Aurreko krisialdian desberdintasun sozialak mugatzea lortu genuen; pandemiaren ostean ere hori izango dugu jomuga

Pandemiak gipuzkoarren artean utzitako arrasto sakonari eta ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko garaian, erakundeen eta lurraldeko eragileen erantzun sozialari eta solidarioari eutsi beharra daukagu susperraldia iritsi dadin kolektibo eta pertsona guztiengana. Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: balantzea ikastaroa ospatu dugu, eta bertan, pandemiak gehien kolpatu dituen pertsonak eta sektore ekonomikoak babesten jarraitzeko unea dela azpimarratu dugu, aldi berean, lurraldea etorkizunera begira indartzen jarraitzeko proiektuak sustatuz.

Pandemia ostean, zalantzarik gabe, honek behar du izan helburu nagusia: krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari direnak babestea. Azkeneko krisialdian, lortu genuen desberdintasun sozialek gora ez egitea. Oraingo honetan ere horixe bera dugu jomugan. Egungo testuinguruaren koordenatuak aldatu dira, baina norabideari eusten diogu. COVID-19ak utzitako errealitateak beharrizan sozialen olatu bat ekarriko du eta, horien aurrean, tresna berritzaileak sortzearen eta gipuzkoarren izaera komunitarioa indartu behar dugu.

Gipuzkoako herri politiken izaera soziala biderkatzeko unea da. Lurraldeak modu sendoan erantzun die COVID-19ak ekarritako bat-bateko desafioei, erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren esfortzuari esker. Gipuzkoak gizarte kapital ikaragarria dauka. Gerora begira, datozen garaiotan, nahitaezkoa izango dugu aberastasun sozial horri eustea. Batetik, gizarte kohesionatu gisa aurrera egiteko. Bestetik, pandemiak utzitako desafio sozio-ekonomikoei erantzuteko.

 

      

Lan bilera MONDRAGON taldeko presidentearekin

Iñigo Ucín MONDRAGONeko presidentearekin lan bilera egin dugu gaur goizean, COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoaren bilakaera eta Gipuzkoan industria jarduera indartzeko garatzen ari diren ekimenak aztertu asmoz. Ezinbestekotzat da Gipuzkoan enplegua ahalik eta gehien babestea eta etorkizuneko lehiakortasuna garatzea industriarentzat. Kooperatiba taldea Lorpen horren adibide da, COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan egokitzeko gaitasuna eta gizarte konpromisoa dituelako.

Bileran parte hartu dute Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, eta MONDRAGONeko Berrikuntzako zuzendariak, Juan Andrés Joaristik. Besteak beste, industria jardueraren egoeraren eta epe laburreko bilakaeraren inguruko analisiak partekatu dituzte, bai eta EBko Next Generation funtsek Gipuzkoako eraldaketa ekonomiko eta sozialean izan behar duten paperaren ingurukoak ere. Bilera hau bi erakundeen etengabeko komunikazioaren eta lankidetzaren testuinguruan kokatzen da, eta egoerari buruzko ikuspuntuak partekatzeko balio izan du, baita negozioen garapena eta iraunkortasuna bultzatzeko diagnostiko eta irtenbide praktikoak partekatzeko ere.

MONDRAGON, bere balio kooperatiboak eta gure gizartearen giza garapenerako, garapen sozialerako eta ekonomikorako ezarritako oinarriak, Gipuzkoako eta Euskadiko aktibo garrantzitsuenetako bat dira. Era berean, COVID-19aren krisiari aurre egiteko orduan oinarri garrantzitsu bat izan da MONDRAGON taldea; pandemiaren ondorioak arintzeko orduan ekarpen itzela egin du, ez soilik arlo ekonomikoan, baita arlo sozio-sanitarioan ere. Aitortu behar dugun zerbait da, eta erakusten digu oso garrantzitsua dela industria sare sendo eta dinamikoa izatea, gizarte gisa edozein erronkari edo krisiri aurre egin ahal izateko.

 

Bilera informatiboa

Gaur goizean lurraldeko komunikabideekin topaketa informatibo bat izan dugu COVID-19aren aurkako borroka eta Gizarte Politiken inguruan.  COVID-19aren aurrean ahalegin kolektiboari eutsi behar diogu, Eguberrien ostean izaten ari den kutsatzeen gorakada esanguratsua geldiarazteko. Itxaropenerako leihoa ireki da, adinekoen egoitzetan txertoak aurrera egiten ari direlako; hala ere, azken asteetan kutsatze kopuruak behera egin badu ere, egoera oso delikatua da oraindik. Adinekoak babestea gure erabateko lehentasuna da oraindik ere. Horregatik, indarrean dagoen Zaintza eta Alerta Sisteman jasotako prebentzio neurriak ahalik eta gehien zorrozten jarraituko dugu.
Bilera horretan, informazioa partekatu dugu COVID-19ak lurraldeko gizarte baliabide eta politiketan duen eraginari, eta adinekoen egoitzek bizi duten egoerari buruz, eta txertaketa-prozesuaren aurrerapena eta prebentzio-neurrien jarraipena ere eguneratu da, Gipuzkoako gizarte baliabideetan aktibo jarraitzen duen Zaintza eta Alerta Sistemaren baitan.

Egoitzetan ibilaldi seguruak

Duela hiru astez geroztik, Gipuzkoako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, adinekoen egoitzetatik hurbil dauden aire zabaleko hiri-espazioen erabilera prestatzeko eta lagatzeko lanketa bat egiten ari dira, egoiliarrentzako ibilaldi eta irteera seguruak bermatzeko.

Aldundiaren erabateko lehentasuna adinekoen segurtasuna eta ongizatea zaintzea da, pandemiaren aurrean ahulenak direnak. Ildo horretan, defendatu duenez, ezinbestekoa da egoiliarrek COVID-19aren aurrean duten babesaren eta ongizate emozionalaren arteko oreka bilatzea, eta, hori dela eta, Gizarte Politikako departamentua hainbat neurri lantzen ari da, bakardade handieneko egoerak arintzeko.

Mahai politikoaren bilera COVID-19

Etorkizuna Eraikiz-en baitan lan-taldea osatu dgu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusietako taldeen ordezkariek, Covid-19aren krisiaren aurrean lurraldeak izango dituen erronkei aurre egiteko. Ordezkariak gaur elkartu gara lehen aldiz. Lehenengo zeregina izango da Gipuzkoako pandemiaren berehalako ondorioei buruzko egoeraren diagnostikoa egitea eta etorkizun hurbilerako lan-ildoak zehaztea, bai eta ondorio sozial, ekonomiko eta politikoei buruzko egiturazko diagnostikoa egitea ere. Hori burutu ondoren, taldeak hurrengo hamarkadarako gizarte-, ekonomia- eta politika-arloko funtsezko erronkak ezarriko ditu, eta lurraldearen etorkizuna garatzeko lan-ildo nagusiak eta proiektu estrategiko posibleak jarriko ditu mahai gainean.

Bilera telematikoa Gipuzkoako alkateekin

Bilera telematikoa egin dugu lurraldeko alkateekin  pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta COVID-19ren hedapena guztion artean mugatzeko.

Inoiz baino beharrezkoagoa da erakunde maila desberdinen arteko lankidetza, beti ere Osakidetzarekin koordinatuta. Osasun arloko murrizketak eta gomendioak betetzeko orduan inoiz baino zorrotzagoak izan behar gara eta errespetarazi egin behar ditugu, gure eskumenen esparruan eta pandemiaren aurkako borrokan Gipuzkoako udal guztiak jokatzen ari diren lan aktiboa eta ezinbestekoa eskertu beharrean gaude.

Eibarko Ospitala COVID-19 kasuei arreta emateko zentroa

Aita Menni-ko mediku-taldearekin eta kudeatzailearekin bildu gara gaur goizean Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan, bertan kokatu baita Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa. Orain arte, Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioan artatu dituzte kasu horiek. Datozen egunetan Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan bi funtzio beteko dituen instalazio bat irekiko dugu: batetik, egoitza saretik datozen COVID-19 eta arnas urritasuna duten pertsonen kasuak artatzeko plazak irekiko dira eta, bestetik, egoitzetako sarrera berriak 14 egunez isolatzeko lekuak ere zabalduko dira.

Errealitate berrirantz goaz, betiere erantzukizunez eta zuhurtziaz, guardia jaitsi gabe eta egoitzak bisitetara nahiz egoiliar berrien sarreretara pixkanaka eta berme guztiekin irekiaz. Egoitza sarea ziklo berri batean murgilduta dago, eta erabakigarria da prebentzio, aurre-hartze eta erantzun azkarreko neurri guztiak zorroztea. Horregatik, Eibarko Ospitalean birkokatu dugun zerbitzuak funtzio bikoitza beteko du eta gaixotasunari eusteko fase berri baten aurrean prest egoteko aukera ematen digu.

Gipuzkoako ekonomia eragileekin lanerako organoa

Lanerako organo baten sorrera bultzatu du Aldundiak, foru erakundeko ordezkariak eta Gipuzkoako ekonomia eragileak barne hartuko dituena, bi helburu nagusirekin: batetik, lurraldeko egoera ekonomikoaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin ahal izatea eta, bestetik, modu partekatuan neurri ekonomikoak eta fiskalak abiaraztea, Covid-19 birusa jarduera ekonomikoan eta enpleguan edukitzen ari den ondorioak lehenbailehen arintzea.

Ahal den neurrian eta beti ere segurtasun eta osasun baldintzak bermatuz, jarduera ekonomikoa mantentzearen aldeko apustua egin dugu. Aldundiak etengabeko interlokuzioa edukitzen jarraituko du enpresekin, eta sektore desberdinetako eragile eta taldeekin, bere politikak modu egokian bideratzeko, eta aldatzen ari den egoera honi erantzungo dieten neurriak hartzeko, segurtasuna eta konfiantza eskainiz. Hori da ekimen honen helburua.