Aurreko krisialdian desberdintasun sozialak mugatzea lortu genuen; pandemiaren ostean ere hori izango dugu jomuga

Pandemiak gipuzkoarren artean utzitako arrasto sakonari eta ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko garaian, erakundeen eta lurraldeko eragileen erantzun sozialari eta solidarioari eutsi beharra daukagu susperraldia iritsi dadin kolektibo eta pertsona guztiengana. Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: balantzea ikastaroa ospatu dugu, eta bertan, pandemiak gehien kolpatu dituen pertsonak eta sektore ekonomikoak babesten jarraitzeko unea dela azpimarratu dugu, aldi berean, lurraldea etorkizunera begira indartzen jarraitzeko proiektuak sustatuz.

Pandemia ostean, zalantzarik gabe, honek behar du izan helburu nagusia: krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari direnak babestea. Azkeneko krisialdian, lortu genuen desberdintasun sozialek gora ez egitea. Oraingo honetan ere horixe bera dugu jomugan. Egungo testuinguruaren koordenatuak aldatu dira, baina norabideari eusten diogu. COVID-19ak utzitako errealitateak beharrizan sozialen olatu bat ekarriko du eta, horien aurrean, tresna berritzaileak sortzearen eta gipuzkoarren izaera komunitarioa indartu behar dugu.

Gipuzkoako herri politiken izaera soziala biderkatzeko unea da. Lurraldeak modu sendoan erantzun die COVID-19ak ekarritako bat-bateko desafioei, erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren esfortzuari esker. Gipuzkoak gizarte kapital ikaragarria dauka. Gerora begira, datozen garaiotan, nahitaezkoa izango dugu aberastasun sozial horri eustea. Batetik, gizarte kohesionatu gisa aurrera egiteko. Bestetik, pandemiak utzitako desafio sozio-ekonomikoei erantzuteko.

 

      

Lankidetza eta Gipuzkoa ereduan sakontzea, lurraldea desberdintasunaren aurkako borrokan “nazioarteko erreferentzia” bihurtzeko giltzarri

Gipuzkoak mundu mailako erreferentzia izan nahi du elkartasunean eta desberdintasun sozialak murrizten, eta hori lortzeko bidea gizartearekiko lankidetza eta Gipuzkoa ereduan sakontzea dira, eskema sozioekonomiko horri esker bihurtu baita Gipuzkoa ongizate maila altuko lurralde aurreratu. Hori da duen estrategia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020-2023 aldirako landuko duen estrategia. Ziurgabetasunez betetako bidea dugu aurretik, etorkizuneko ongizatea bermatzeko, baina, aldi berean, oinarri sendoa dugu, eta Gipuzkoako gizarteak hori lortzeko duen potentzial guztia.

Gastronomiaren arloko berrikuntza teknologikora bideratutako espazioa, inauguratu da gaur Donostian.

LABe – Digital Gastronomy Lab-ek gaur goizean ireki ditu ateak Tabakalerako prisman, Donostian. Basque Culinary Center-ek kudeatzen duen berrikuntza irekiko living lab honek teknologia eta pertsonak integratzen ditu, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz. Etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da, betiere kode digitalean

Ireki ditu ateak 2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak

Ireki ditu ateak 2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak eta Etorkizuna Eraikiz ekimenak aurreikusten dituen sei erreferentziazko zentroetako bat. 2deo erreminta bat da, Gipuzkoa eta Euskadi mailan eragingo duena, euskarazko masa-produktu arrakastatsuen sorkuntza sustatzeko. Proiektuaren garrantzia, belaunaldi berrietan izan dezaken garrantzian datza, euskara ikastetxetatik harago eramaten lagunduko baitu: Ikus-entzunezkoak dira gazte eta nerabeek beraien aisialdian gehien kontsumitzen dituzten edukiak, baina tamalez euskararen presentzia oso urria da arlo honetan. Sektorearekin elkarlanean, egoera hau iraultzean laguntzea da hain zuzen 2deoren xedea.