Abbadia Saria 2020

Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlariak (Donostia, 1958) jaso du 2020ko Abbadia Saria, Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, “dinamika sozial” berri bat eragiteko gai izateagatik. Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu eta hori azpimarratu du, aho batez, epaimahaiak saria ematerakoan.

Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean, azken urteotako berririk pozgarriena dugu Euskaraldia. Batetik, norbere ohiturak aztertzeko eta astintzeko ariketa egingarria eta positiboa proposatzen digulako. Bestetik, konpromiso kolektibo eta partekatu baten bultzada dakarrelako berekin. Euskararen erabilera sustatzeko eta eremu berrietara hedatzeko egitasmo berritzailea eta eraginkorra da.

Abbadia Saria jaso du Arantza Urretabizkaiak, bere ibilbidean euskarari egindako ekarpenagatik

Euskal literaturan “emakumeak duen presentzia eta iruditeria” aldatu ditu idazleak, Markel Olano diputatu nagusiaren esanetan.

Arantza Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazleak Abbadia Saria jaso du gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik, Foru Aldundiko jauregian egindako ekitaldian. Erakundeetako, eta euskal kulturari zein euskarari lotutako eragileetako 100 bat ordezkariren babesa izan du Urretabizkaiak, ohi bezala Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egin den sari banaketan. Euskara aro modernora ekartzeko eta euskal literaturan emakumearen papera aldatzeko egindako lanagatik erabaki du epaimahaiak izendapena ematea. Baita bizitza osoan zehar euskararen alde egindako ekarpenagatik, eta euskara batua normaltzearen alde egindako guztiarengatik.