Abbadia Saria jaso du Arantza Urretabizkaiak, bere ibilbidean euskarari egindako ekarpenagatik

Euskal literaturan “emakumeak duen presentzia eta iruditeria” aldatu ditu idazleak, Markel Olano diputatu nagusiaren esanetan.

Arantza Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazleak Abbadia Saria jaso du gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik, Foru Aldundiko jauregian egindako ekitaldian. Erakundeetako, eta euskal kulturari zein euskarari lotutako eragileetako 100 bat ordezkariren babesa izan du Urretabizkaiak, ohi bezala Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egin den sari banaketan. Euskara aro modernora ekartzeko eta euskal literaturan emakumearen papera aldatzeko egindako lanagatik erabaki du epaimahaiak izendapena ematea. Baita bizitza osoan zehar euskararen alde egindako ekarpenagatik, eta euskara batua normaltzearen alde egindako guztiarengatik.