Zorionak, Real!

34 urteren ondoren, momentu sinestezina da Realeko zaletuentzat eta gipuzkoar guztientzat, oroitzeko moduko momentua. Hala ere, arduraz jokatu behar dugu, ospakizunei begira. Arduraz gozatu behar ditugu egun hauek. Gipuzkoan badakigu galtzen eta irabazten, eta orain irabazten dakigula erakusteko unea da, eta gainera, COVID-19 pandemiaren garaian.

 Zentzu honetan, arduraz jokatu behar dugu; zaindu gaitezen geure artean, eta zaindu gaitezen gizarte bezala. Honela, distantziak mantendu eta jende-pilaketak ekiditean jarri behar dugu azpimarra. Gauden momentuan egonda, pandemia testuinguru batean, hau da egoerak eskatzen duena. Eta esaten dudana esaten dut bihotza pozez gainezka dudala, inork kendu ezin digun barneko poz batekin.

Gipuzkoako bandera Sevillako finalean

Gipuzkoako bandera Realarekin Sevillara bidaiatuko duten lurraldeko 88 banderekin batera izango da, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-egoeraren ondorioz Errege Kopako finalean beraien taldearekin egoterik izango ez duten gipuzkoar guztien ordezkari gisa.

Gaur, Jokin Aperribay presidente txuri-urdina eta Angel Oyarzun klubeko presidenteordea hartu ditugu foru jauregian, eta Gipuzkoako bandera eman diegu, apirilaren 3an, Cartuja estadioan, Athetic Clubekin duen zitan, lurraldea ordezkatuko duena.

Realeko presidenteak, bestalde, bandera txuri-urdina eman digu, datorren asteazkenetik aurrera, foru jauregiko balkoi nagusian egongo dena.

Gaur Donostiara egin duen bisitarekin, Realaren autobus ofizialak Gipuzkoako herri guztietatik egiten ari den bidaia amaituko du; izan ere, herri bakoitzeko banderak jaso ditu, Andaluziako hiriburuan egingo den finalean parte har dezaten.

Hogeita hamar urte pasa dira azken finaletik eta, tamalez, pandemia global batek eragotzi egin die Realeko zaleei txuri-urdinen final berri bat zuzenean ikusteko aukera, baina realzaleak, modu sinbolikoan bada ere, zuekin egongo gara Sevillan.