“EAJ-PNVrentzat lehentasun osoa du lurraldeko industria indartzeak”

ARRASATE. EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Mondragon Unibertsitateko I+G+b instalazioak bisitatu ditu gaur, ondoan izan duela Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea eta berriro alkate izateko hautagaia. Bisita eta gero egindako adierazpenetan, Olanok gogorarazi du EAJ-PNV dela alderdi bakarra “lehentasun osoa” ematen diona lurraldeko industria eta enpresa ehuna sendotzeari. “Izan ere, modu horretan bakarrik lortuko dugu gure ekonomia are gehiago indartzea, enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzea, beti ere gizarte politikak bermatzen jarraituta”, berretsi du.

Egungo diputatu nagusiak adierazi duenez, lurraldea “duela 4 urte baino indartsuagoa da, preseski gure ekonomiak aurrera egin duelako, lehiakorragoa delako eta ausardiaz nahiz estrategia argi batekin heldu dielako 4.0 berrikuntza nahiz industriaren aldeko apustuei”. Olanoren ustez, “funtsezko” alderdiak dira horiek enpresa gipuzkoarrek “mundu osoko merkatu zorrotzetan lehian jarraitu dezaten”. Horren harira oroitarazi du, “kemen” horren ondorioz, enplegu tasa jaitsi egin dela, duela lau urteko %13tik gaur egungo %8ra.

“Batzuk enpresetara mesfidantzaz hurbiltzen dira; guk, aldiz, hurbiltasuna eskaintzen diegu; batzuek ekintzailetzari bizkar ematen diote; guk, berriz, babesa eskaintzen diegu negozio berri bati heltzen dietenei; batzuek ez dute proposamenik ekonomia arloan; guk, ordea, estrategia garbia eskaintzen diegu industria eta berrikuntzaren alde, enplegu gero eta hobea sortzeko”, konparatu du Olanok.

Diputatu nagusiak gaineratu du hurrengo hauteskundeetan, gipuzkoarrek “bi ereduen artean” aukeratu beharko dutela gai ekonomikoei heltzeko: mesfidantzarena enpresarekiko, alegia, ezker abertzalearen eredua; eta EAJ-PNVren eredua, “babes osoa” eskaintzen diena industriari, ekintzailetzari eta berrikuntza zentroei.

Mondragon Unibertsitateko I+G+b puntako instalazioak bisitatu eta gero, Arrasateko Uribe auzoan, diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Gipuzkoak “arrazoi asko” dituela mugimendu kooperatiboaz, oro har bere industriaz  eta bere berrikuntza sareaz “harro sentitzeko”. Gehitu duenez, “potentzial berritzaile guzti horri esker”, lurraldea “erreferente eta abangoardia” bihurtu da berrikuntzan, digitalizazioan eta 4.0 industrian. “Are gehiago, Euskal Herri mailan, eskualde berritzaileenetakoak ditugu, Debagoiena buru dela, hain zuzen, %47,1 enpresa berritzaileak dira, hamar langile edo gehiago dituztenak”.

Era berean, Olano lurraldeko I+D+I sareak “indartzen eta sustatzen” jarraitzearen alde agertu da, eta “elkarlan bide berriak bultzatuta” enpresen eta ezagutza aurreratua sortzen duten nukleoen artean, berrikuntzan “abangoardia” izaten jarraitzeko, Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko ekonomia globalean “gerta litezkeen aldaketen aurrean”, beti ere enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzen jarraituta.

Anbizio handiko proiektua Arrasaten

Hautagai jeltzaleek berrikuntzaren aldeko apustua berretsi dute Mondragon Unibertsitateak Arrasaten dituen laborategi teknologikoak bisitatu ondoren. Olanok eta Ubarretxenak ezagutu dituzte MUren berrikuntza teknologikorako estrategia eta instalazio berriak, Arrasateko Udalarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan. Babes honi esker, Mondragon Unibertsitatearen laborategiak goi mailako teknologia industrialaz daude hornituak, tankera honetako zentro europarrekin konparagarriak.

Arrasateko Udala, Maria Ubarretxena egungo alkatearen eskutik, elkarlan estuan aritu da Mondragon Taldearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, lehengo Trefasa fabrika -Gautxori zonaldean- prestatzeko eta egokitzeko, instalazioen multzoa bertan kokatzeko. Nahiz eta badiren hamabost bat urte Mondragon Unibertsitateak bertan espazio bat duela, orain arte eraikin bat baino ez zegoen egokitua, lantegiak, departamentuak eta, batzuetan, ikasgelak izateko.

Plan honetaz mintzo, Maria Ubarretxenak, egungo alkate eta alkate izateko hautagaiak, azpimarratu du Arrasatek dituenen artean “anbizio handienetakoa” dela honako proiektu hau. “Elkarlanaren” garrantzia ere goraipatu du, “halako proiektu bati heltzeko”. Baita ere azaldu du proiektuak balioko duela bai herritarrentzako toki berriak sortzeko bai Arrasate nahiz Debagoienako enpresa industrialen “premiei erantzuteko”, beti ere “punta-puntako teknologia erabilita”.

Instalazio hauei esker, Mondragon eta Debagoienako enpresek, zeintzuekin Mondragon Unibertsitatea lankidetzan aritzen den, beste urrats bat egin ahalko dute. Batetik, zenbait kooperatiba dira, hala nola, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Ulma Packaging y Ulma Handling, LKS, Copreci, Mondragon Assembly, Fagor Automation, etab; eta bestebik, koopertatibak ez direnak ere: JMA, Ekide o Polmetasa, etab.

EAJ-PNV da Espainiako politikaren hondatzearen aurrean dugun segurtasun sistema

Markel Olanok, gero eta gizarte berdinagoa eraikitzeko, industriaren lehiakortasunaren eta kohesio sozialaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du gaur Arrasaten, han egin den ekitaldi politikoan. Horrela defendatu du Gipuzkoako eta Euskadiko eredu sozio-ekonomikoa, Estatuko xenofobiaren eta ultraeskuinaren egungo hazkundeari aurre egiteko berme gisa.

Olanok gogorarazi duenez, “Estatuan eta Europa mailan desberdintasun sozialak handituz doazen une honetan, Gipuzkoan eta Euskadin, aldiz, murrizten ari dira”. Azaldu du “xenofobiak eta ultraeskuinak desberdintasun hauetatik edaten” dutela, eta “armak eramateaz” hitz egiten dutela “herritarren artean beldurra, mesfidantza eta zatiketa zabaltze helburuarekin”. Bien bitartean, “hemen zarata handirik ateratzeke, desberdintasunak gutxitzen doaz”, esan du. Egoera hau, “eredu propioa dugulako” gertatzen dela adierazi du Olanok, “gure industriaren lehiakortasunean eta kohesio sozialean oinarritutakoa”. “Hori da gure bidea, Gipuzkoa sozialki eta ekonomikoki sendotzen jarraitzea”, aldarrikatu du, “hori da ultraeskuinaren eta xenofobiaren aurkako txertorik onena”. Estatuko politikaren “zarataren eta nahasmenaren aurrean”, Markel Olanok adierazi duenez, “hauteskunde hauetan ez gaude ultraeskuinari aurre egiten, Espainiako politikaren hondatzeari eta populismoari baizik”. “EAJ-PNV da deriba honen aurreko segurtasun sistema”, aldarrikatu du hautagaiak.

Hala, egungo Gipuzkoako diputatu nagusiak agertu du momentu honetan gure lurraldeak duela 4 urte baino ekonomia sendoagoa eta gizarte orekatuagoa daukala. Horren “meritu nagusia”, azaldu du, “gure enpresetan eta kooperatibetan lan egiten duten pertsonei dagokie, “egunez egun produktuak hobetu eta gure industriaren aurrerabidean lan egiten dutenak, “bai europar merkatuetan, zein Txinan, Australian, Mexikon ala Estatu Batuetan”. Gure gizartearen antolaketari ere egotzi dio diputatu nagusirako hautagaiak egoera hau, azalduz, “gizarte antolatua” dugula; alde batetik “dagokiona eskatzen duena”, baina, bestetik, egoera ahulenean daudenen bizitzak hobetzeko euren talentua eta denbora ematen ere badakiena”.

EAJ-PNVren proposamena, Olanok azpimarratu duenez, “eredu sozial eta ekonomikoki horri bidea ematea da”, herritarrekin kolaboratuz, “pertsona guztiek euren bizi-proiektua garatu ahal duten Gipuzkoa hori eraikitzen jarraitzeko”.

Hitza bete dugu

EAJ-PNVren eredu honi, “Estatuan bizi duten noraez eta zarata etengabea” deitu dion horri kontrajarri dio Olanok eta ohartarazi du Gipuzkoan ere bizi izan zela “paralisi eta enfrentamendu egoera hori” aurreko legealdian, Bilduk Aldundiaren gobernua hartu zuen garaian.

“Lau urte geroago, gizarteari eman genion hitza bete dugu”, esan du Olanok. Adibiderik onena, haren esanetan, Deskargako obra da. EAJ-PNV Aldundira iritsi zenean geldi aurkitzen zen obra bat zen, “arriskuak sortzen zituen eta lan teknikoki oso konplexua behar zuena”. “Kudeaketa oso eraginkor baten ostean, errepidea datorren asteartean irekiko dugu eta Debagoiena bezalako eskualde klabe baten komunikazioak hobetuko dira, gure enpresen lehiakortasuna hobetuz”.

Halaber, berak zuzentzen duen Aldundiak ekonomia suspertzeko egindako lanari balioa eman dio Olanok, “enpresei egin dituzten apustu berrietan laguntzeaz gain, etorkizuneko industriaren oinarriak izango diren sektoreen alde eginez”. Gizarte politiketan egindako lana ere nabarmendu du Olanok Arrasaten, Elkar-EKIN plana hizpide hartuta. “Plan honek, enplegu duinaren bidez, erantzuna ematen die bazterketa ala pobrezia arriskuan dauden pertsonei, lan-prekarietatetik ateratzeko zailtasun handiak dituztenei, hain zuzen”.