Gipuzkoaren etorkizuna bermatzeko partaidetzarako deia egin du Olanok

ARRASATE. Markel Olano, diputatu nagusirako EAJren hautagaiak Debagoieneko alkategai eta hautagaiekin eta kanpainan parte hartu duten boluntarioekin eman du  goiza. Arrasatera  egindako bisitan, dei berezia luzatu die herritarrei, hauteskunde egunean mobilizatu eta beraien botoei esker “aldaketa bermatu eta Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustuarekin jarrai” dezaten.

Biharko hitzorduaren bezperan, Olanok nabarmendu du kanpaina honetan “Gipuzkoa osoa goitik behera eta ekialdetik mendebaldera” zeharkatu dutela eta balioan jarri du hautagai eta boluntarioek eskainitako “konpromisoa eta dedikazioa”. “Gaurko hausnarketa eguna guztiok batera egon eta kanpainako pasadizoak kontatzen emango dugu”, azaldu du Olanok, eta gehitu du “espero” dutela “herritarrek berriz ere euren botoekin konfiantza EAJ-PNVri emango diotela”.

EAJ-PNVk Gipuzkoa animatu du EAJ-PNVren jatorrizko proiektuaren edo Ezker Abertzalea bihurtu den kopia txarraren artean aukeratzera

Gipuzkoak aukeratu behar du: EAJ-PNVren jatorrizko proiektua eta alderdi jeltzaleak bermatzen dituen segurtasuna, kudeaketa, konfiantza eta egonkortasuna edo Ezker Abertzalea hauteskunde kanpaina honetan bihurtu den kopia txarra. Hori da Gipuzkoako emakume eta gizonek datorren igandean erabaki behar dutena: etorkizunerantz aurrera egiten jarraitzea edo EH Bilduren legealdiko iragan ilunera itzultzea. Horixe izan da gaur arratsaldean Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Donostiako alkate eta hautagai Eneko Goiak, Gipuzkoako diputatu nagusi eta EAJ-PNVren hautagai Markel Olanok eta Batzar Nagusietako presidente andre eta Bidasoa-Oiartzungo zerrendaburu Eider Mendozak EAJ-PNVk Donostiako Easo enparantzan egin duen ekitaldi politikoan. “Gipuzkoa ez dago EH Bilduk ordezkatzen duen iragan ilunera itzultzeko arriskutik libre”, eta Gipuzkoako herritarrak deitu ditu igandean bozkatzera. “Inor ez dadila anestesiatuta geratu inkestek eta aurreikuspenek utzi dizkiguten emaitza onekin. Benetako arriskua egon badago, iraganera itzultzekoa, iragan okerrera itzultzekoa. Eta demokrazian arrisku horiei aurre egiteko modurik onena da bozkatzea”, ohartarazi dute.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur salatu du “betiko Ezker Abertzaleak” gaur egun EH Bildu izenarekin hauteskunde garaian disimulurik gabe eta EAJ-PNVren antza hartzeko helburu bakarrarekin egin duen “metamorfosia”, talde jeltzaleak jasotzen duen babesaren parte bat erakartzera begira. Ez du halakorik lortuko “Gipuzkoako gizartea ez delako inozoa. Duela gutxi eman zitzaien Herrialdea gobernatzeko aukera eta erakutsi zuten ez zeudela behar bezala prestatuta. Berena agintekeria eta inposaketa dela. Desgobernua. Eta lau urteren buruan, gipuzkoarrek, gehiengo handi batez, boteretik kentzea erabaki zuten”. Era berean ohartarazi du Ezker Abertzaleak hauteskunde garaian egin duen “metamorfosiaren” kontra, formetan- “kartelen kolore korporatiboa aldatu dute: orain berdea da eta markaren ikurrak EAJren kanpainak identifikatzen dituen ikurraren itxura hartzen du”– zein edukian –“orain ematen du Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna beraiek ekarri zutela, eta orain ari dira berrindustrializazioa bultzatu beharraz edo garraio publikorako txartel bakarra ezarri beharraz. Falta zaigun gauza bakarra da garraio publiko horretan Abiadura Handiko Trena ere sartzea. Baina, kontuz! Denbora eman eta egingo dute”-. Eta adibide argi bezain sendoa eman du EH Bilduk “moderaziorako egin duen biraketa bizkorrarekin” egin dituen kontraesanetako bat azaltzeko. “Iragan astean Gasteizen aurkeztu zuten ingurumen alorrean planteatzen duten `Zero Karbono´ proposamena , Kopenhage hiriko eredua oinarritzat hartzen duena. Ulrik Kohl zinegotzi ohia ekarri zuten, arkitekto ekologista izateaz gain, Kopenhageko zabor enpresaren Administrazio Kontseiluko kidea dena. Planteatu zuten ereduaren oinarria da hondakinak tratatzea argindarra eta berogailuak elikatzeko, eta arrakastatsua izan dadin proposazen dute beren hirian bigarren erraustegia eraikitzea. Bai, ondo entzun duzue: ez bat, baizik eta bi erraustegi Kopenhagen. Ez da broma. Hori aurkeztu du EH Bilduk hemen, Gasteizen, Kanpaina honetan. Gipuzkoan mobilizazioekin, kutsaduraren eta gaixotasunen diskurtsoarekin jarraitzen duten bitartean, Gasteiza ekarri dute erraustegia klima aldaketaren kontrako borrokarako ona dela esaten duen aditu bat. Lotsabakoa izan behar da, gero! . Lotsa zero, hori bai. Gero Otegik esango du iraintzen ditugula. Eurek bai iraintzen dituztela hautesleak, inozotzat hartzen dituztelako”, esan du jeltzaleen buruak.

Iñigo Urkullu lehendakariak ekitaldi berean nabarmendu du igandean hiritarroi dagokigula Donostia, Gipuzkoa, Euskadi eta Europa indartzea. “Indartu egiten gaitu Euskal Agenda helburu duen botoak. Aukera da Euskal Agenda edo Espainiako Agenda. Edo, agendarik ez izatea”. Lehendakariarentzat, Espainiako agendak gatazka, ezegonkortasuna, inkomunikazioa eta arazoak besterik ekarri ez dituelako. “Agenda propioa behar dugu, konponbidez betetako agenda. Indartu egiten gaitu Euzko Alderdi Jeltzalearen agenda berdea `egonkortasuna, proposamenak, konponbideak´ eskaintzen dituena”. Urkulluren esanetan, Euskadi indartzen du elkarrizketan, akordioan eta lankidetzan oinarritutako botoa. “ Indartu egiten gaitu Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko boto berdea `Elkarrizketa, Akordioa eta Lankidetza´ eskaintzen dituena”.

Diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Gipuzkoak “determinazioz aurrera egiten jarraitzeko” aukera daukala azpimarratu du, gisa horretan gizarte “aurreratu eta kohesionatu” gisa sendotzen jarraitzeko. Horregatik dira “hain garrantzitsuak” igandeko hauteskundeak: “Asko daukagu jokoan, bi ereduren arteko hautua egingo dugu gipuzkoarrok: EAJren eredu partekatua, Gipuzkoaren aurrerabidea eta etorkizunaren aldekoa, ala iraganera itzultzea ezker abertzalearen eskutik”, alderatu du Olanok. Egungo diputatuak herritarrei proiektu “sendoa, argia, eraginkorra eta etorkizunez betea” eskaini die, Gipuzkoa indartzen jarraitzeko “gizarte osoarekin elkarlanean, etorkizuneko ekonomia-sektoreak bultzatuz, enplegu gehiago eta hobea sortuz, eta desberdinkeria murrizten segituz”. Olanok gogorarazi duenez, EAJ-PNVren ereduaren ezaugarriak dira “kudeaketa eraginkorra, egonkortasuna, akordioak eta gertutasuna”, eta horiek dira lurraldeak bere “geroa egunero-egunero irabazten” jarraitzeko bermerik onena. Halaxe erakusten du, bere ustez, Gipuzkoak legealdi honetan izan duen “norabide aldaketa positiboa”, non ekonomia eta gizarte politikak berriro bilakatu diren “lehentasun nagusia” Gipuzkoako erakundeentzat eta lurraldearen modernizaziorako “gauzatzeke zeuden proiektuak” egia bihurtu diren.

Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak, Eneko Goiak, lau urteotan EAJk “Donostiarekiko duen konpromisoa” agerian utzi duela esan du, “seriotasunez, zorrotz jokatuz eta hiriaren gobernugintzan konfidantza erakutsiz”. Horregatik, hiriak aurrera egiten jarrai dezan “bermerik onena EAJ-k erakunde guztien lidergoa izatea da”. “Iraganera itzuli nahi duten horien aurrean, pop politikarena urrean eta Donostiara ezer esan gabe express bisitaldiak egiten dituzten horiena urrean, guk hiri honen aldeko lana eta konpromisoa jartzen ditugu mahai gainean”, esan du. “EAJk Donostia beste liga batean jokatzera eramango du”, agindu du, eta datorren igandean “lorik ez hartu eta bozkatzeko” deia egin du.

Batzar Nagusietako presidente eta Bidasoa-Oiartzun barrutiko hautagaiak, Eider Mendozak, tentsioa azken momentura arte mantentzeko deia egin die herritarrei. Eta ezker abertzaleak duela lau urte izandako emaitza ona ekarri du gogora ideia hori indartzeko. “Ez zuten estrategia ekonomikorik izan eta hondakinen arazoa konpontzeko gaitasun eza erakutsi zuten, baina, jendea kokoteraino egon arren, guk baino batzarkide bat gutxiago lortzera ailegatu ziren”, gogorarazi du. Mendozak gipuzkoarrei eskatu die bozka ematera joateko eta EAJ-PNVrengan konfiantza izateko: “Emandako hitza betetzen dugu. Ez dugu hutsik egiten”, ziurtatu du.

“Akordioak lortzeko gaitasuna duen gobernu eraginkorra behar du Irunek”

Egungo diputatu nagusia eta EAJ-PNVren hautagaia ardura horretarako, Markel Olano, Irunen “egonkortasuna, akordioak eta etorkizuna indartzearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu du gaur eta horretarako “kudeaketa eraginkorra eta akordioak lortzeko gaitasuna” eskaini die hiritarrei. “Lurralde osoan egiten ari gara balio horien aldeko apustua eta Irun ezin da bihurtu salbuespena, ezin da bilakatu kudeaketa eraginkorrik eta akordiorik gabeko salbuespena”, azpimarratu du Olanok.

Egungo diputatu nagusiak adierazpen hauek egin ditu EAJ-PNVren Irungo alkategai Xabier Iridoyrekin batera egindako ekitaldi politikoan. Bertan, amaitzear dagoen legealdian egindako kudeaketa lana eta martxan jarritako gobernantza eredu berria defendatu ditu, Jose Antonio Santanoren egungo udal gobernuak erakutsi dituen forma eta estiloarekin alderatuz.

Olanok aipatu du, azken hauteskunde orokorrak gogoan, “mobilizazio handia” gertatu zela eta, horren ondorioz, EAJ-PNVk “babes izugarria” jaso zuela “Euskadiko interes orokorra defendatzen duelako, eta baita ere kudeatzeko eta akordioetara iristeko gaitasuna daukalako”. “Izan ere –azpimarra jarri du diputatu nagusiak–, egonkortasunaren ikur da gaur egun EAJ-PNV eta herritarrek konfiantza dute gure alderdiarengan. Halaxe erakutsi zuten, baita ere, Irungo hiritarrek, apirilaren 28an eman ziguten babes zabalarekin”.

Horregatik guztiagatik, diputatu nagusirako hautagaiak dei egin die Irungo gizon-emakumeei bat egin dezaten EAJ-PNVk lurralde osoan egiten ari den apustuarekin, zeinek oinarrian dituen “kudeaketa eraginkorra eta akordioa”. “Irun ezin da bihurtu salbuespena, kudeaketa eraginkorra eta akordioaren aldeko apustu horretan. Irmoki adierazi nahi dut egonkortasuna, akordioak eta etorkizuna indartzeko premia duela Irunek eta horren alde egingo dugula”, osatu du.

Egonkortasuna ala iraganera itzulera

Irungo San Juan plazan egindako adierazpenetan, Olanok gogorarazi du zein egoeratan zegoen lurraldea orain dela lau urte, Bilduren agintaldiaren ondoren EAJ-PNV Foru Aldundiko gobernura iritsi zenean. Gipuzkoa “tentsio betean, etengabeko liskarrean” kokatua zegoen, “gizartetik aldenduta eta kudeaketa desegoki” batekin ziharduten erakunde batzuekin. “Legealdi honetan kudeaketa egokia, egonkortasuna, akordioak eta gizartearekiko gertutasuna izan dira nagusi. Gipuzkoar gizartea jabetzen da horretaz”, iritzi eman du.

Laburbilduz, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, EAJ-PNVk herritarren “emandako hitza bete” egin du. Baita Irunen ere, non bere garaian “hartutako konpromiso guztiak %100ean bete diren. Batetik, aipatu du Arbesko egoitzaren eraikuntza proiektua dagoeneko lehiaketa publiko fasean dagoela eta, beraz, obrak datorren udazkenean hastea aurreikusten dela. Gaur bertan Gobernu Kontseiluak behin betiko pausoa eman du eraikuntzaren hasierara bidean, proiektua bere osotasunean lizitatzearekin bat –proiektuaren idazketa, eraikuntza, ekipamendua eta zentroaren ustiapena–. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 289 milioi eurokoa da eta gehienez ere 26 urteko ustiapen fasea aurreikusten du, non kontuan hartzen diren zentroaren mantenimendua eta kudeaketa. Bestetik, Hego Ingurabidea, zeinen eraikuntza joan den otsailean abiatu zen AP-8ko lotune erdiarekin batera.

Horrez gain, Olanok goraipatu du azken legealdi honetan lurraldearen “etorkizuna eraikitzeko oinarriak” jarri direla Gipuzkoan, beti ere “gizartearekin elkarlanean”. “Helburu horretarako tresna nagusia” Etorkizuna Eraikiz programa izan da eta, honen bitartez, “gure industria eta ekonomia trakzionatzeko eta, beraz, enplegu gehiago eta hobea sortzeko gaitasuna duten sektore berrietan” erreferentziazko zentroen sorrera sustatu da. Horrela, elektromugikortasuna, zibersegurtasuna, zahartzaro osasuntsua eta gastronomia digitala sustatu dira, besteak beste, oinarri horren gainean etorkizuna irabaziko duen lurraldea eraikitzen jarraitzeko, non pertsona guztiek izango dituzten “aukerak, lanpostu duin bat eta ongizate egoera aurreratu bat”.

Egindako apustu horiek tarteko, Olanok gogoeta egin duenez, igandeko hauteskundeetan “asko dago jokoan” eta herritarrek bi aukeren artean hautua egin beharko dute. “Gipuzkoak bi ereduren artean aukeratu beharko du: EAJ-PNVk eskaintzen duen egonkortasuna eta akordioa, ala iraganera itzultzea ezker abertzalearen eskutik”, laburbildu du.

Xabier Iridoy, Irunen beharrezko aldaketa

EAJ-PNVren hautagaiak, Xabier Iridoyk, bere “konfiantza eta ilusioa” azaldu du, ia bi astetan zehar bere hauteskunde programa eta hiri proiektua herritarrekin partekatu ostean. “Etorkizuneko proposamenez betetako programa da gurea, Irun haizeberritu nahi duena, beharrezko aldaketa batekin. Urtez urte itzaltzen joan den identitate hori berreskuratu nahi dugu, betiko Irunen nortasuna, ‪berriro ere Irun betiko Irun izan dadin, guztiok harro sentiaraziko gaituen hiria”, baieztatu du.

Iridoyren esanetan, Irunek “etorkizuna du eta lehen mailako aukerak” izan ditzake, baina horretarako “kudeaketa eraginkorra” behar du, “benetako apustua eta akordioak desberdinekin lortzeko gaitasuna”, bai erakundeekin, bai beste talde politikoekin eta baita irundarrekin ere. “Horretan, EAJ-PNV bermea da, urteetan erakutsi dugu. Ez dut zalantzarik, Irun indartsu bat bermatzeko etorkizun onena EAJ-PNV da. Nire konpromisoa Irun da”, aipatu du.

“Ekintzailetza sustatzea Gipuzkoako ekonomia berria bultzatzeko oinarria da”

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia eta berraukeraketarako EAJ-PNV-ren kandidatua, gazte ekintzaileen talde batekin bildu da Donostiako Arima Hotelean. Topaketaren helburua izan da EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoa partekatzea, zehazki, aurkeztu berri den Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko Plana, 2019-2023 aldirako, eta zeinari 200 milioi euro bideratuko lizkiokeen. Olanok nabarmendu du “ekintzailetza sustatzea Gipuzkoako ekonomia berria bultzatzek oinarri dela” eta gaineratu du “lurraldeko ekintzailetza ekosistema aberasten jarraitu behar dugula, ekonomia aurreratu, indartsu eta etorkizuna begiratzen duena eraikitzeko”.

Olanok Gipuzkoako ekintzailetza ekosistema goretsi du eta azpimarratu du Miramon inguruan startup-ak eta enpresa handi zein txikiak daudela, oinarri teknologikoa dutenak eta balio erantsi nabarmena, eta gainera “etorkizuneko sektore estrategikoetan jarduten direnak; Cyber Surgery, Mepro, Oreka Training, Ekomodo, Nuavis Technoloy, Biotech Foods, Bihurcrystal, Wimbitek y Onena Medicines-en kasua den bezala”. Topaketan zehar, hautagai jeltzaleak proiektu horiek sakonago ezagutzeko aukera izan du, baita bere proposamen ekonomikoa azaltzeko ere, zehazki, ekintzailetza ekosistemari eta talentuaren kudeaketari lotutako zatia partekatu du eta horren inguruan hausnartu dute, “giltzarriak gure etorkizuneko ongizate eta lehiakortasunerako”.

Hautagaiak azaldu du: “Gipuzkoako ekintzailetza eta jarduera ekonomiko berriak sustatzeko azpiegitura aurreratu eta espezializatuak bultzatzeaz gain, ekintzailetza kapitala indartuko dugu, aberastasuna eta enpleguaren sortzaile dena”. Horretarako, beste neurri batzuen artean, proposatzen du: oinarri teknologikodun jarduera ekonomiko berria garatzea, espezializazio inteligenteari lotutako arlo estrategikoetako enpresak garatzea, enpresa berrien azelerazioa sustatzea, ekintzailetzara bideratutako inbertsio eta finantza tresnak landu eta hobetzea, eta ekintzailetza kultura indartzeko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea.

Markel Olanok azpimarratu du Gipuzkoako ezaugarri eta altxor nagusietako bat dela ekintzailetza kultura eta gaitasuna. “Lurralde ekintzailea gara izatez, urte luzean hori aprobetxatzen jakin dugu, eta horregatik, bereizgarri dugun ekintzailetza espiritu horren aldeko apustu garbia egiten dugu”. Gehitu du Gipuzkoako startup-en eta enpresa berritzaileen ekosistema “dinamikoa, berritzailea, oso aberatsa eta etorkizunera begiratzen duena” dela, eta adierazi du hori dela “ekonomia aurreratua eta indartsua” eraikitzeko oinarria.

“Baina -jarraitu du hautagaiak-, ekintzailetza sustatzeaz gain, talentuaren kudeaketa egoki bat egiten jarraitu behar dugu, gure lurraldeko beste aktibo garrantzitsuenetako bat”. Olanok ekintzaile taldearekin partekatu du Gipuzkoa Talent estrategia, egungo legegintzaldian martxan jarri dena, eta helburu duena talentua sortzea, erakartzea eta lurraldeko enpresetan txertatzea. “Enpresek talentua behar duten euren plantilletan, horrela jakinarazten digute. Aldaketa demografiko sakon bat ere bizi dugu; zalantzarik gabe, lehen mailako erronka dena Gipuzkoarentzat, eta gestionatu beharra dago, izan ere, gure etorkizuneko lehiakortasuna eta hiritar guztien ongizatea baldintzatzen ditu”, laburbildu du hautagaiak.

Enpresa indartsua, kalitatezko enplegua eta ekonomia berria

EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoak, Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko Plan berriak, helburu du Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea, “gure lurraldeko enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen, eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak eman daitezen lagundu nahi dugu: fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean”, adierazi su Markel Olanok.

Planak hiru oinarri ditu: enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada. Lehenengo zutabeari dagokionean, pertsonak eta euren ezagutza sustatzea bilatzen du, baita garapen teknologikoa, lehiakortasunerako azpiegituren ekosistema, nazioartekotzea, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea, eta zailtasun egoeretan dauden enpresak laguntzea ere.

Bigarren ardatzak enpleguaren kalitatean sakontzen du: “Gure ekonomia garapenaren erronketako bat horri lotuta doa. Garapen pertsonal zein profesionalerako pertsona ororen baldintza duinak bermatu behar ditugu”. Horretarako, pertsonen gaitasunak sendotzeko eta kalitatezko enplegua hobetzeko, enpresak laguntzea proposatzen du hautagaiak, “enpresa sendo eta bideragarriak edukitzea delako modurik onena bizi-proiektu duinak garatzeko aukera ematen duten enpleguak lortzeko”.

EAJ-PNVren proposamen ekonomikoaren azken ardatza aktibitate ekonomiko berria bultzatzeari lotuta dago. “Egun bizi dugun testuinguru aldakor honetan, funtsezkoa da politika berritzaile eta ausartak martxan jartzea. Horregatik ekintzailetza, barne-ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria sortzaileak sustatzea proposatzen dugu; Gipuzkoaren ezaugarri eta altxor garrantzitsuenetariko bat direlako, eta baita gure lurraldea hazteko aukeretako bat ere”, gehitu du Markel Olanok.

EAJ-PNVk bere “konpromisoa” berretsi du zubibide bat eraikitzeko Bazkardoko trafikoa arintzeko

Markel Olanok, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, alderdi jeltzalearen “konpromisoa” berretsi du Bazkardoko lotunean zubibide berri bat eraikitzeko, “bertan sortzen diren trafiko pilaketak arintzeko” helburuarekin. Olanok adierazi duenez, EAJ-PNVk proposatzen duen konponbidea “errealista eta egingarria da”, izan ere, inbertsio “askoz txikiago bat” eginda, 25 milioi eurokoa, zubibideak lotunearen “funtzionalitatea eta egungo ahalmena hobetuko lituzke” autobidearen, N1-aren eta herriko sarbidearen konexioan. “Gainera, Bidegik bere osotasunean gauzatu lezake proiektua”, gehitu du diputatu nagusirako hautagaiak gaur eguerdian Andoaina egindako bisitan, zeinean lagun izan dituen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua, Mari Jose Izagirre EAJ-PNVren Andoaingo alkategaia, eta Andoaingo zerrenda osatzen duten hautagaiak. Andoainen, zubibidea egingo litzatekeen tokira joateaz gain, paseo bat eman dute Goiko plazatik Zumearaino, Santakrutz ondoko espigoia eta Allurralde Kiroldegia ere bisitatuta.

Olanoren hitzetan, “ezinezko konponbide eta proposamenen aurrean”, EAJ-PNVk apustu egin du alternatiba hori “egia bihurtzeko”. Eta gogorarazi du proposamen berri hau Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuak aztertu eta sustatu duela. Gainera, nabarmendu du zirkulazio transeuroparra dela-eta, bereziki zigortutako gunea izanda, “lehentasunezko jarduketa bat” dela. Hala, EAJk konpromisoa hartu du “obra lizitatu ahal izateko eta prozesua azkartzeko, beharrezkoa den eraikuntza proiektua idazteko”.

Gaur egun, hegoalderantz (Tolosa) A-15 eta N-1 errepideak lotzen dituen konexioa Andoainen, errei bakar baten bidez egiten da Bazkardoko lotunean, trazatu bihurgunetsua eta erradio murritzeko kurbak dituena. Ahalmen mugatua du diseinu honek, eta horregatik ibilgailu astun edo kamioien zirkulazioak pilaketak eragiten ditu, Atorrasagastiko tuneleraino (Urnietarako noranzkoan) helduta.

Mari Jose Izagirrek gogorarazi duenez, Urumeako autobidearen eraikuntzatik egiteko geratu zen “azken zatia osatzea”, alegia, tunel bidez Belkoain gurutzatzen zuena. Berez Sorabillatik Bazkardo arteko N-1 errepidearen saihesbidearen eraikuntza Proiektua erredaktatzera heldu ziren bere garaian, 120 milioi euroko inbertsioa eskatzen zuena. Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute gaur egun proiektu horren “dimentsioak eta kostuak ezinezkoak” direla eta egungo egoera ekonomikoan ez dela “egingarria”.

A-15 errepideko Atorrasagastiko tunela igaro eta gero, eskuinetik bide berria egin daiteke alturan, Bazkardoko biribilgune gainetik igarotzeko moduko garaiera nahikoarekin eta 90º biratuz, N-1 errepidearekin paraleloan lerrokatu arte. Bozeramaile jeltzaleen azalpenen arabera, “zubibidea oinezkoen pasabidearen alturan amaituko litzateke, paraleloan jarraituz errepidearen eta Borda-berri industria-gunearen artean”. Era berean, EAJk dio aurkeztutako proposamenak ikastolako bihurgunea hobetzeko “aukera ere ematen duela”, bi errepideen bategiteak desplazatu egiten dituelako errepideok, kurba bera zabalduz.

Bestalde, jeltzaleek kritikatu egin dute EHBildu aurreko legealdian “ez zela gai izan lurraldeak zituen bide-azpiegitura nagusiak osatzeko” eta azpimarratu dute EAJ-PNV izan dela “azken 4 urteotan Gipuzkoako bide-azpiegitura sarea arrakastaz osatu duena”. Gogorarazi dute “ezker abertzaleak uko egin diela azpiegitura berriak sustatzeari”, “bere garaian Urumeako eta Nafarroako autobideen aurka agertu ziren bezala”. “Guztia edo ezer ez izan da haien lema beti, proiektu egingarrien inguruko kontsentsuak bilatu beharrean”, amaitu dute.

“EAJ-PNVrentzat lehentasun osoa du lurraldeko industria indartzeak”

ARRASATE. EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Mondragon Unibertsitateko I+G+b instalazioak bisitatu ditu gaur, ondoan izan duela Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea eta berriro alkate izateko hautagaia. Bisita eta gero egindako adierazpenetan, Olanok gogorarazi du EAJ-PNV dela alderdi bakarra “lehentasun osoa” ematen diona lurraldeko industria eta enpresa ehuna sendotzeari. “Izan ere, modu horretan bakarrik lortuko dugu gure ekonomia are gehiago indartzea, enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzea, beti ere gizarte politikak bermatzen jarraituta”, berretsi du.

Egungo diputatu nagusiak adierazi duenez, lurraldea “duela 4 urte baino indartsuagoa da, preseski gure ekonomiak aurrera egin duelako, lehiakorragoa delako eta ausardiaz nahiz estrategia argi batekin heldu dielako 4.0 berrikuntza nahiz industriaren aldeko apustuei”. Olanoren ustez, “funtsezko” alderdiak dira horiek enpresa gipuzkoarrek “mundu osoko merkatu zorrotzetan lehian jarraitu dezaten”. Horren harira oroitarazi du, “kemen” horren ondorioz, enplegu tasa jaitsi egin dela, duela lau urteko %13tik gaur egungo %8ra.

“Batzuk enpresetara mesfidantzaz hurbiltzen dira; guk, aldiz, hurbiltasuna eskaintzen diegu; batzuek ekintzailetzari bizkar ematen diote; guk, berriz, babesa eskaintzen diegu negozio berri bati heltzen dietenei; batzuek ez dute proposamenik ekonomia arloan; guk, ordea, estrategia garbia eskaintzen diegu industria eta berrikuntzaren alde, enplegu gero eta hobea sortzeko”, konparatu du Olanok.

Diputatu nagusiak gaineratu du hurrengo hauteskundeetan, gipuzkoarrek “bi ereduen artean” aukeratu beharko dutela gai ekonomikoei heltzeko: mesfidantzarena enpresarekiko, alegia, ezker abertzalearen eredua; eta EAJ-PNVren eredua, “babes osoa” eskaintzen diena industriari, ekintzailetzari eta berrikuntza zentroei.

Mondragon Unibertsitateko I+G+b puntako instalazioak bisitatu eta gero, Arrasateko Uribe auzoan, diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Gipuzkoak “arrazoi asko” dituela mugimendu kooperatiboaz, oro har bere industriaz  eta bere berrikuntza sareaz “harro sentitzeko”. Gehitu duenez, “potentzial berritzaile guzti horri esker”, lurraldea “erreferente eta abangoardia” bihurtu da berrikuntzan, digitalizazioan eta 4.0 industrian. “Are gehiago, Euskal Herri mailan, eskualde berritzaileenetakoak ditugu, Debagoiena buru dela, hain zuzen, %47,1 enpresa berritzaileak dira, hamar langile edo gehiago dituztenak”.

Era berean, Olano lurraldeko I+D+I sareak “indartzen eta sustatzen” jarraitzearen alde agertu da, eta “elkarlan bide berriak bultzatuta” enpresen eta ezagutza aurreratua sortzen duten nukleoen artean, berrikuntzan “abangoardia” izaten jarraitzeko, Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko ekonomia globalean “gerta litezkeen aldaketen aurrean”, beti ere enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzen jarraituta.

Anbizio handiko proiektua Arrasaten

Hautagai jeltzaleek berrikuntzaren aldeko apustua berretsi dute Mondragon Unibertsitateak Arrasaten dituen laborategi teknologikoak bisitatu ondoren. Olanok eta Ubarretxenak ezagutu dituzte MUren berrikuntza teknologikorako estrategia eta instalazio berriak, Arrasateko Udalarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan. Babes honi esker, Mondragon Unibertsitatearen laborategiak goi mailako teknologia industrialaz daude hornituak, tankera honetako zentro europarrekin konparagarriak.

Arrasateko Udala, Maria Ubarretxena egungo alkatearen eskutik, elkarlan estuan aritu da Mondragon Taldearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, lehengo Trefasa fabrika -Gautxori zonaldean- prestatzeko eta egokitzeko, instalazioen multzoa bertan kokatzeko. Nahiz eta badiren hamabost bat urte Mondragon Unibertsitateak bertan espazio bat duela, orain arte eraikin bat baino ez zegoen egokitua, lantegiak, departamentuak eta, batzuetan, ikasgelak izateko.

Plan honetaz mintzo, Maria Ubarretxenak, egungo alkate eta alkate izateko hautagaiak, azpimarratu du Arrasatek dituenen artean “anbizio handienetakoa” dela honako proiektu hau. “Elkarlanaren” garrantzia ere goraipatu du, “halako proiektu bati heltzeko”. Baita ere azaldu du proiektuak balioko duela bai herritarrentzako toki berriak sortzeko bai Arrasate nahiz Debagoienako enpresa industrialen “premiei erantzuteko”, beti ere “punta-puntako teknologia erabilita”.

Instalazio hauei esker, Mondragon eta Debagoienako enpresek, zeintzuekin Mondragon Unibertsitatea lankidetzan aritzen den, beste urrats bat egin ahalko dute. Batetik, zenbait kooperatiba dira, hala nola, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Ulma Packaging y Ulma Handling, LKS, Copreci, Mondragon Assembly, Fagor Automation, etab; eta bestebik, koopertatibak ez direnak ere: JMA, Ekide o Polmetasa, etab.