“Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure kudeaketa ereduaren ikurrak”

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok alderdiaren Legazpiko hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur, Koldobike Oleaga delarik alkategaia. Bertan, EAJ-PNVren eredua defendatu du Olanok: “Gure eredua gizartearen ondoan egon eta berarekin lan egitea da gertutik, inor alboratu gabe, denentzako gobernatuz. Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure nortasun ikurrak”, aldeztu du. Honela, adibide bezala hainbat proiektu aipatu ditu: Etorkizuna Eraikiz, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko ahaleginean 33.000 pertsona inplikatu dituena; Lurralde Garapenerako Laborategia, eskualde guztiak parte hartzen ari direna garapen ekonomiko orekatua bermatzeko; eta Elkar-Ekin egitasmoa, gizarte bazterkeriari aurre egiteko eragile guztiekin adostutako estrategia.
Era berean, gogoratu du EAJ-PNV dela Gipuzkoarentzako aukera politikorik egokiena. Gehitu duenez, alderdi hau da “ekonomiaren eta gure industriaren aldeko apustu garbia” egiten duen eragile bakarra, eta baita ere ezberdintasunak murrizteko proposamen zehatzak egiten dituen aukera bakarra. “Gipukoa indartu nahi dugu, guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzeko Gipuzkoa sendoa. Eta hau, elkarlanaren bitartez bakarrik lortu dezakegu, entzute aktiboa eta lankidetzan sakonduz”, esan du hautagai jeltzaleak. “Orain da jauzia emateko unea, indartzen jarraitzeko unea”, gehitu du, herritarrei eskatuz bidea emateko “gauzak egiteko modu berri honi”.

“Gipuzkoak konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du, ezker abertzalearen eta EAJ-PNVren artean”

BERGARA. “Datozen foru hauteskundetan, konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoa, ezker abertzalea edo EAJ-PNV. Denok dakigu nolakoa izan dena iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ-PNV baita”. Hala adierazi du gaur Markel Olano diputatu nagusi izateko hautagaiak, gaur eguerdian Bergaran egindako ekitaldi jendetsuan, zeinean Bergarako EAJ-PNVk, Elene Lete alkategaia buru, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako zerrenda ezagutzera eman duen. Munibe plazan egindako ekitaldian, herriko hautagaiekin batera, parte hartu du, baita ere, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak.
Olanok azaldu duenez, ordezkatzen duen alderdia da lurraldea kudeatzen jarraitzeko “aukerarik onena” eta “prestatuen dagoena”, “zeren horrela erakutsi baitugu azken legealdi honetan”. “Orain eta etorkizuna gara, Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko eta guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzen jarraitzeko bermerik onena”, azaldu du.
Nabarmendu eta gero Gipuzkoa, 720.000 biztanle dituela, lurralde “langilea, solidarioa, berritzailea eta ekintzailea” dela, oroitarazi du aurreko legealdian gizarteari “bizkar eman zitzaiola”; legealdi honetan, berriz “gizartean konfiantza eduki eta entzun egin diogu. Eta hori jendeak onartu egiten digu”. Izan ere, “EAJ-PNVn proiektuei zehaztasunez eta seriotasunez heltzen diegu; eta horretaz ezin du alderdi guztiek hitz egin”. “Hain zuzen, demostratu dugu gure hitza betetzeaz gain, ongi kudeatzen dugula, arazoei konponbidea emanez, esaterako, hondakinen kudeaketan edo Deskargako autobidea martxan jarrita”, erantsi du Olanok, zeinaren ustez Deskarga bera den kudeaketa onaren “adibide paradigmatikoa”; baita azpimarratu ere Aintzane Oiarbide diputatuaren “lan bikaina Deskargan eta EH Bilduren porrota aurreko legealdian”.
Bestalde, Olanok azpimarratu du legealdi honetan lehentasuna eman diotela ekonomiari eta desberdinkeria gutxitzeari”. Nabarmendu eta gero Gipuzkoan langabezia %8raino jaitsi dela, esan du hala ere lanean “jarraitu behar dugula prekarietatearen aurka eta kalitatezko ;enpleguaren alde”. Eta hori, bere ustez, “ezin hobeto islatzen da Mondragon Korporazioaren misioan: kalitatezko enplegua sortzea”.
Era berean, dipatu nagusi izateko hautagaiak adierazi du “oso deigarri egin zaiola ikustea bakarrik EAJ-PNVk duela hizpide ekonomia, gure enpresen etorkizuna edo gizarte kohesioa; harrigarria da sindikatuak eta beren burua ezkertiartzat duten alderdiak isilik egotea. Bakarrik aho txikiarekin al dira ezkertiarrak?”. Gaineratu du EAJ-PNVren eredua da gizartean konfiantza izatea eta entzutea, elkarlanean aritzea, inor baztertu gabe; eta guztientzako gobernatzea, irainik edo errespetu faltarik gabe”. Horren harira, gogorarazi du iraganean konfrontazioko egoerak bizi izan baditugu ere, inork ez gaituela eszenategi horretan aurkituko, gure kultura politikoa juxtu kontrakoa delako, errespetuan, entzute aktiboan eta akordioan oinarrituta”.
Arlo sozialean, azaldu du Gipuzkoak gizarte kohesionatua duela eta, azken urteetan, desberdintasunak murriztea lortu duela. “Gero eta lurralde kohesionatu eta berdinagoa izatea nahi dugu, eta hori da EAJ-PNVren eredua hain zuzen”, nabarmendu du. Puntu honetan, Elkar-EKINen garrantzian jarri du azpimarra, legealdi honetan gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan jarri den ekimena. “Seguruenik, alderdi bezala martxan jarri dugun ekimen politik eta politikoki adierazgarrienetakoa da; berez uste dugu Elkar-EKIN Europa mailan aztertua izango dela”.
Dena den, Olanok azpimarratu badu ere Gipuzkoan desberdinkeria jaitsi egin dela (“GINI indizea puntu bat jaitsi da, 25,3ra, alegia, Noruegaren pare”), esan du oraindik ere 35.000 lagun daudela pobrezia egoeran edo arriskuan. “Eta hori da, hain zuzen, Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren egitekoa, zeinari esker lortzen ari den urtero 1.000 pertsonak lana aurkitzea”.
Berriro diputatu nagusi izateko hautagaiak erantsi du Elkar-EKIN planaren bitartez, esperantza eta enplegu duina eman nahi diegula kolektibo ahulei, baita prekarietate egoeran bizi diren gazteei ere. Hau da, desberdinkeriari aurre egiteko ez dugu lema erraz eta superfizialik erabiltzen; guk, aldiz, ekintza zehatz eta efizienteak egiten ditugu”.
Laburtzeko, Olanok esan du hauteskundeetara aurkeztuko duen programa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuzten dela: “Gizarteari entzun eta konfiantza eman, seriotasunez eta zuzentasunez eutsi proiektuei eta “lehentasun osoa” ematea ekonomiari eta desberdintasunen aurkako borrokari. Horretaz ari gara, baita ere, Gipuzkoa sendoa nahi dugula esaten dugunean”
Joseba Egibarrek, berreiz, nabarmendu du herri batek, nazio batek, “herrigintza” behar duela, eta jakin “zertarako eta nola eraiki behar duen”. Eta gaineratu du azken hamarkadatan bi estrategiak “talka egin dutela”, baina gaur egun ezker abertzaleak jada ez duela bere burua abertzaletzat, ezker independistatzat baizik; eta hori Arnaldo Otegik berak esana da. Beraz, EH Bilduk jada ez du aberria aipatzen. EAJ-PNVn berriz, abertzaleak gara gauza guztien gainetik, abertzalea izatearen oinarria pertsona bera delako, bere giza eskubideekin, edozein gauzaren gainetik”.
“Guk proposatzen duguna da eredu bat non eskubideak eta baloreak uztartzen diren, elkarbizitzan oinarrituta”, nabarmendu du Egibarrek, zeinak, amaitzeko, EAJ-PNV-ren “konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa” ahotan hartu dituen. Eta gogoratu du alderdi jeltzalea dela “ezaugarri horiek batzen dituen alderdi bakarra. Izan ere, ez PSEk ez ezker abertzaleak ezin dute hori bermatu. Ez gara nagusi, baina bai ardatz”, osatu du.

“EAJ-PNV edo ezker abertzalea, hori da datozen hauteskundetan jokoan dagoena”

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, Ordiziako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpenean hartu du parte gaur. Bertan, datozen foru hauteskundeen inguruko gogoeta egin du eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoako erakundeak nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura “krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak” markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian.
“Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
Joan den igandeko hauteskunde orokorrei erreferentzia eginez, Olanok azaldu du gizarteak “erreakzio irmo eta demokratikoa” izan zuela bozetan, “populismo xenofoboa eta muturreko zentralismoa” zabaltzeko arriskuari aurre eginez. “Gizarteak erakutsi du ez duela inboluzio politiko edo sozialik onartzen, gure autogobernuaren eta erakundeen alde egiten duela, eta gizarte gaietan aurrera egiten jarraitu nahi duela”, gogoeta egin du.
Horrez gain, Olanok irakurketa oso positiboa egin du EAJ-PNVk lortutako emaitzen inguruan, aipatutako “erreakzio demokratikoaren buru” izan delako. Bere iritziz, gizarteak babestu du azken legealdian bere alderdia erakundeetan egiten ari den “lan serio eta eraginkorra”, zein autogobernuaren eta erakundeen defentsan duen “sinesgarritasuna”. Hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeak “aukera berri bat” eskainiko dute, bere iritziz, “Ordizia eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko” eta lurraldeak bere osotasunea “etorkizunera begira jarraitu dezala” erabakitzeko.

“Datozen lau urtetan Gipuzkoa nork gobernatuko duen dago jokoan maiatzaren 26an, EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”

DONOSTIA. EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok bere hauteskunde kanpainaren edukiak aurreratu ditu gaur, maiatzeko hitzorduari begira, eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoa nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian. “Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
EAJ-PNVren hautagaiak kazetariekin egin duen gosari informatibo batean hartu du parte gaur goizean, Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, hurrengo hauteskunde kanpainan defendatuko dituen lan lerro eta ideiak aurkezteko. “Konfiantza itsua daukagu Gipuzkoako lurraldean, bere gizarte egituran, gure ehun ekonomikoaren gaitasunean… Oso lurralde indartsua gara, sendoa, etorkizuna duena, erakundeetatik elkarlanerako jarrerarekin laguntzea behar duena. Hori izan da orain arte izan dugun lan egiteko estilo, eta hori izango da aurrerantzean izango duguna ere”, azpimarratu du.
Gainera, aurreko igandeko hauteskundeak ere izan ditu hizpide Olanok. Bertan, esan duenez, euskal gizarteak “erreakzionatu” egin du Estatuko zenbait alderdiren xenofobia eta zentralismo erradikalaren aurrean. “Euskal gizarteak EAJ-PNV babestu du, jendeak autogobernuaren eta gure erakundeen defentsarekin identifikatzen baikaitu”, adierazi du. Honela, hurrengo hauteskundeei begira, Olanok tentsio mantendu eta ez erlaxatzeko deia egin du, “leia oso estua izango baita Gipuzkoan, batez ere bi proiekturen artean: EAJ-PNVrena eta ezker abertzalearena”.

“Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko unea da, gizarte osoarekin eta enpresekin batera”

OÑATI. Ainhoa Galdos Olazar (Oñati, 1966) izango da EAJ-PNVren Oñatiko alkatetzarako hautagaia. Hala, alderdikidez eta herritarrez inguratuta, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza campusean egin dute gaur haren hautagaitzaren aurkezpena eta, babesa emateko, alboan izan ditu Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar eta Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia. Galdosek izendapena “ohorez eta erantzukizunez” hartu du, beregan jarritako konfiantzarengatik eskertuta.
Aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak azken urteetan lurraldean bizi izan duen aldaketan jarri du begirada, eta “EAJren zigilua” eta “gipuzkoar eredua” delako kontzeptuekin lotu ditu legealdi honetan Gipuzkoak izandako aldaketa. Olanok azaldu duenez, “kudeaketa txar batek gerarazitako lurralde bat aurkitu” zuten, “lurraldeko azpiegitura nagusiak amaitzeke zeuzkanak eta lurraldeko gizarte eta ekonomia ehunari bizkarra ematen zion Aldundiarekin”.
Olanok jarraitu duenez, lau urteren ostean, “Gipuzkoa sendoago bat dugu”, eta haren ustetan hori lortu da “kudeaketa zorrotz, eraginkor eta jasangarria” egin delako. Kudeaketa horrek gauzatu du Deskargako lanak behingoz amaitu ahal izatea, nabarmendu duenez, “Debagoieneko komunikazioak hobetu eta bertako enpresei lehiakorrago egin dituena”. Alor ekonomikoan hobekuntza nabariak eman direla baieztatu du diputatu nagusiak eta azpimarratu nahi izan du etorkizuneko esparru ekonomikoei bultzada emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan egin duen apustu irmoa. Olanok Gipuzkoako aurrerabidearen hirugarren ardatza ere nabarmendu du: esparru soziala. Gizartearen zahartzeari aurre egiteko estrategia eta pobreziaren eta bazketerkeriaren aurkako inklusio planak izan ditu hizpide.
Azkenik, kudeaketaren aspektu klabeetako bat eragile sozialen arteko lankidetza izan dela erantsi du diputatu nagusirako hautagaiak, “proiektuak aurrera atera dituen elkarlan bat”. Horregatik, “Gipuzkoa gaur duela lau urte baino sendoago dago, ekonomia lehiakorrago batekin eta gizarte kohesionatuagoarekin”. Era horretara egin die erreferentzia aipatutako zigiluari eta “gipuzkoar ereduari”, gizarteari dei eginez eredu hau taxutzen segi dezan, “ekonomia sendo baten alde egiten duen eredua, gizarte kohesionatu batekin, erakunde indartsuekin eta pertsonen, erakundeen eta eskualdeen arteko lankidetzan sinesten duena”.

EAJ-PNV, aurrera egiteko
Kudeaketa ereduak izan ditu hizpide baita ere GBBko presidente den Joseba Egibarrek, bere ustez hor egongo baita hauteskunde hauetako “klabea”. Azaldu duenez, ezker abertzalea alkatetzan egon den herrietan ikusi da “udalerri hauek ez dutela aurrera egin. Eta aurrera egiten ez baduzu, atzeraka zoaz”. “Herri batek aurrerapausoak eskatzen ditu. Herrigintza horretan, udaletatik hasita, naziogintzan, benetan fundamentuzkoa dena EAJ-PNVren proiektua da”, adierazi du. Egibarrek lanean jarraitzera deitu die alderdiko erakundeetako arduradunei, “harrotasunez, baina harrokeriarik gabe, elkarrizketa erabiliz nazio sendoa herrietatik eraikiz”.
Egibarrek EAJ-PNVren ibilbide historikoan ere jarri du azpimarra, ezker abertzalearenarekin alderatuz. “Beraiek kudeaketatik oso urrun egon dira beti, beste gerra batzuetan ibili dira”, esan du, eta azken urteetan eman duten aldaketari erreparatu dio gero: “Orain, berriz, kudeaketan onak garela aitortzen dute, haiek ere gestioan murgildu beharrean daudelako. Gu gauden posizioetara etorri nahi dute, ba ongietorriak. Honek erakusten du EAJ-PNV ondo aritu dela urte guzti hauetan”, nabarmendu du. Ideia honetan sakondu du gero Egibarrek: “Zure herria maite baduzu, herri hori eta herritarrak errespetatzen dituzu, eskubide guztietan. Eta nork esan dezake hori herri honetan, nork esan dezake giza eskubide guztiak errespetatu dituela? Ikuspegi abertzale batetik, behintzat, EAJ-PNVk bakarrik. Nork egin du euskal instituzioen defentsa orain arte? Guk, EAJ-PNVk”.
Arduradun jeltzaleak bide honetatik jarraitzearen alde egin du, “han eta hemen, Oñatin, Madrilen edota Bruselan”. Helburua, betiere, Euskadik aurrera egitea izango litzateke arlo ekonomiko, sozial zein politikoan. “Estatuarekin berdintasunezko erlazioa behar dugu aurrera egiteko, ez mendekotasunezkoa. Eta, gaur egun, tokatzen den ministroaren umorearen menpe bizi gara, transferentziekin ikusten ari garen bezala. Eskema aldatu beharrean gaude eta, horregatik, herri, lurralde eta naziogintzan sinesten dugunok esaten dugu eman bidea Gipuzkoari eta Euskadiri”, itxi du Egibarrek.

“Proiektu sendo batekin, erabakitasunez”
Bere aldetik, diputatu nagusiak esandakoarekin bat etorri da Ainhoa Galdos udal hautagaia eta kontuan jarri du EAJk hamarkadetan eginiko lana, hala Euskadin nola Oñatin, “gaur egun bizi dugun ongizatea eta zerbitzu maila eraikitzeko”. “Hautagai gisa, sentitzen dut aukera ematen zaidala proiektu handi baten parte izan eta nire ekarpena egiteko”, esan du Galdosek, “eredu argi batean oinarritutako proiektua”: “ekonomia sendo baten aldeko apustua, gizarte zerbitzuak eta ongizatea bermatuko dituena, alegia, EAJren eredua”. “Horretarako, garrantzitsuena pertsonak erdigunean jartzea da eta norabide argi bat edukitzea”, osatu du. “Guk argi dugu ze proiektu dugun: bizi kalitatea, inguru garbi eta atsegin batean, adin guztietarako Oñati, irisgarria eta guztiok kontuan hartuko gaituena”.
Hala, “Oñatiko EAJk herri-proiektu berriari bultzada eman ahal izateko duen sendotasuna” nabarmendu du. “Oñati berriz ere martxan jarriko duen proiektua”, EAJk “beti erakutsi duen lanerako gogoekin eta eraginkortasunarekin”, hain zuzen. Horrenbestez, aldaketaren aldeko hautua egitera deitu ditu oñatiarrak, Oñatik ezin duelako “lozorroan geratu”. Haren ustez, “ordua da, EAJk berriz lekukoa hartu eta alkatetzan berriz, Oñatirentzako proiektu sendo baten gidaritza hartzeko”.

“Etorkizuneko ekonomiara eta kohesio sozialera bidean jauzi berria emateko unea da”

DONOSTIA. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok gaur goizean aurkeztu ditu datozen foru hauteskundetarako programaren oinarriak. Nabarmendu duenez, “kalitatezko enplegua” eta “pertsonen ongizatea” bultzatzeak izango dute “lehentasun osoa”. Olanok “kudeaketa bizi eta eraginkorra” eskaini die Gipuzkoako herritarrei, lurraldea ekonomikoki eta sozialki indartzen jarraitzeko eta Gipuzkoa ireki, lehiakor eta dinamikoa eraikitzen segitzeko.

“Gipuzkoak asko egin du aurrera legealdi honetan. Duela lau urte baino sendoagoa da. Gure ekonomiak eta gure enpresek indartzen jarraitzen dute, eta gizarte desberdintasunak murriztuz doaz”, esan du Olanok, Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan elkartu diren hedabideen aurrean. Hala ere, gehitu duenez, lurraldeak “ezaugarri eta baliabide nahikoa” ditu maila guztietan “apustu berriak” egiteko, betiere “anbizio eta berrikuntzaren” ikuspegietatik. “Gipuzkoako indartzen jarraitzeko unea da, etorkizuneko ekonomia eta gizarte kohesionatuago baterantz jauzia emateko momentua”, aurreratu du.

Diputatu nagusi izateko hautagaiak bere hauteskunde programak jasotzen dituen hamar lan lerroak xehatu ditu. Ideiak hauek datozen asteetan osatuko ditu alor ezberdinetako adituen ekarpenekin, eta lurraldeko ehun ekonomiko eta sozialaren ordezkarienekin. Lan talde bat jada ari da dinamika honetan lanean, Olanok azaldu duenez. Lurraldeko hauteskunde barrutietako EAJ-PNVren hautagaitzen buru diren Eider Mendoza, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Xabier Ezeizabarrena egon dira berarekin aurkezpenean.

Olanok gogoratu duenez, “kudeaketa eraginkorra” eta “ondo eginiko lana” EAJ-PNVren ezaugarri nagusiak dira, eta baita legealdi honetan Foru Aldundian egindako lanarena ere. Gainera, gizartea erabaki guneetara gerturatzea lortu da, partaidetza eta gardentasunaren bitartez. “Gobernu estilo honek ez dauka atzera bueltarik, eta datorren legealdiak hau egonkortzeko balio behar du”, esan du. Aurrera begira, eraginkortasun eta gertutasunetik lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, Gipuzkoak aurrera pausoak ematen jarrai dezan aipatutako hamar alorretan.

Lehenik eta behin, hautagai jeltzaleak gogoratu du gure enpresen “posizioa” nabarmen hobetu dela azken urteetan, industria jarduera egonkortu eta langabezia tasa %8 arte jaitsi baita. “Honek izan behar du ekonomia berria bultzatzeko oinarria, eta honela enplegu gehiago eta hobeagoa sortzeko”, proposatu du. EAJ-PNV osatzen ari den programak, beraz, hainbat neurri jasoko ditu enpresen modernizazioa bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainak indartu, teknologia garapena eta etorkizuneko sektoreak indartu, enpresa ehunaren lehiakortasuna merkatu berrietan bermatu eta lankidetza eta ekintzailetza aldezteko.

“Ekonomia indartsua izateak ez du ezertarako balio ez badago pertsonen zerbitzura”, adierazi du. Honenbestez, “pertsona guztien ongizatea eta integrazioa bermatzea” izango da bere programako “bigarren lehentasun puntua”. Olanok gogoratu du legealdi honetan “nabarmen” zabaldu direla kolektibo ahulenentzako arreta zerbitzuak, eta zahartzea eta inklusioaren erronkei aurre egiteko lurralde estrategien oinarriak jarri direla. Hemendik abiatuta, Gipuzkoako gizartea indartu eta kohesionatzen jarraitzean jarri du azpimarra Olanok. Horretarako, zerbitzu sozialak babestu eta bultzatu, zahartze osasuntsu eta aktiboa bermatu, gizarte ezberdintasuna borrokatzeko programak garatu eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen lan eta gizarte integrazioaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du.

 

Berdintasunarekin konpromisoa duen Gipuzkoa

Gainerako lan lerroei dagokionean, EAJ-PNVren arabera, bere programak politika berria sustatu eta gobernatzek modu “parte hartzaile eta gertukoa” sustatzen jarraitzeko erabakia islatuko du, “komunitateari ematen diogun zerbitzua” Aldundiaren ezaugarri nagusi bihurtuz. Laugarren puntuan, “berdintasun eta aniztasunarekin konprometituta” dagoen Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko nahia jaso du Olanok, helburua Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea izaki, gizarte, ekonomia eta genero ikuspegietatik. Horretarako balio demokratikoak indartuko dira, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta identitate aniztasuna.

Bosgarren puntuan, lan lerro nagusien artean kokatzen da euskara “umetatik” indartzea. Horretarako hizkuntza honen aldeko babes soziala indartzea aurreikusten da, ikasketa eta erabilera bultzatu eta euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza sustatuz.

Gainera, Olanok gogoratu du Gipuzkoak “lidergoa hartu dezakeela klima aldaketari aurre egiteko gizarte transformazioan”, betiere ere “denok serio hartzen badugu gai hau”, lurraldearentzako ere “hil ala biziko” kontua baita. Honela, bere programak proposamen berriak jasoko ditu “ingurugiroari begira politika espezifikoa” garatzeko, herritarrak kontzientziatzeko eta CO2 isurketak murrizteko. Hau guztiagatik, diputatu nagusiak konpromisoa hartu du garraio publikoaren erabilera “bultzatu eta indartzeko” bere zazpigarren lan lerroan, “errepide sare eta garraio publiko jasangarriak” lortzeko bidean. Lurraldeko errepide guztien modernizazioan aurrera egin eta sarearen kudeaketa adimentsua sustatzea ere faktore “kritikoak” dira lurraldearen etorkizunerako, Olanoren ustetan.

Azkenik, eta programaren oinarriekin jarraituta, EAJ-PNVk pertsona guztientzako “kultura eta kirolerako sarbidea” bermatzeko konpromisoa hartzen du, eta baita ere bizikidetza “gizartearen balio nagusi” bihurtu eta gure autogobernua indartzeko, “gure egonkortasuna eta aurrerabidea sostengatzeko”.

Herritarrek baloratzen dute Gipuzkoa hobeto kokatuta eta sendoago dagoela duela lau urte baino

“Gipuzkoa gaur egun askoz hobeto posizionatua eta sendoago dago duela lau urte baino, eta EAJ-PNVk lanean jarraituko du datozen lau urteotan lurraldea are gehiago kohesionatzeko”. Modu horretan baloratu du Markel Olano diputatu nagusi eta foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak azken lau urtetan bere gobernuak egindako kudeaketa lana Gipuzkoako Foru Aldundian. Bere gobernuko bost kide jeltzaleekin egindako lan topaketan, Olanok nabarmendu du Gipuzkoak 2015etik bizi izandako “eraldaketa”, “izan ere, paralisi eta konfrontaziotik kudeaketa onera eta herritarrekin egindako elkarlanera pasa gara; eta horri esker, lurraldea sendotu dugu”.

Horren harira, EAJ-PNVren hautagaiak zenbait adibide aipatu ditu, tartean Gipuzkoak emandako “salto kualitatiboa” ekonomiaren eta bide azpiegituren arloan. Batetik, azpimarratu du lurraldeak krisialdi ekonomikoa atzean utzi duela, bere egitura ekonomikoa indartu duela, “enplegua sortuta, eta horri esker Gipuzkoa gaur egun lehiakorragoa dela eta inbertsioen erakargune bihurtu dela”. Bestetik, azpiegiturei dagokienez, Deskargako autobia berria izan du bereziki hizpide. Era berean, “luzaroan hainbat eskualdetan kontuan hartu gabeko aldarrikapenei erantzun diegu, hobekuntza proiektuak martxan jarrita Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideetan”, gogorarazi du Olanok. Eta gaineratu du “horiek guztiak duela lau urte hartutako konpromisoak direla, Foru Aldundi honek bete egin dituena, ezustekorik edo aitzakiarik gabe, kudeaketa on baten erakusgarri”.

Era berean, Olanok hondakinen kudeaketaren auzian jarri du azpimarra. “Izan ere, duela lau urte gai hori enkistatua zegoen eta gizarte krispazioa sortzen zuen”. Hautagai jeltzaleak oroitarazi du foru gobernuak lanari ekin ziola “legealdiaren lehenengo egunetik bertatik”, arazo honi konponbidea emateko, eta hor ere “hitza bete” dutela. “Herritarrek politikarioi eskatzen digutena da kezkatzen dituzten arazoei konponbidea ematea, arazo berriak sortu gabe. Ba horretan aritu gara, hain zuzen, azken lau urteotan, arazoei irtenbidea ematen, eta gipuzkoarrek eskertu egiten digute hori”, argitu du.

Bestalde, Olanok azpimarratu du “zer egiten den bezain garrantzitsua dela nola egiten den”, eta horretan ere Foru Aldundiaren ekarpena “oso positiboa” izan dela. Diputatu nagusi izateko hautagaiak adierazi duenez, lau urte hauetan “apustu egin dugu politika egiteko modu berri baten alde”, eta hori Etorkizuna Eraikizen gauzatu da. “Hain zuzen, ekimen honen bitartez, lanean ari gara Gipuzkoak epe ertainera eta luzera dituen erronkei erantzuteko, beti ere elkarlanean arituta: 33.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute jada proiektuan, eta ehunka dira parte hartzen ari diren eragile ekonomiko eta sozialak”, esan du.

 

Gipuzkoa indartzen jarraitu

Olanok azaldu du Etorkizuna Eraikiz ekimenari esker, lurraldeak orain agenda politiko berria duela, garai berriek ekarritako erronkekin bat eginda. “Eztabaidagai antzuak atzean utzi, eta proiektu estrategikoak plazaratu, proposatu eta abiarazi ditugu, besteak beste, mugikortasun eredu berrien gainean, edo garrantzi handiko erronkei erantzuna ematen dietenak, esaterako, bizitzen ari garen iraultza demografikoa”, agertu du, horrek guztiak ekarri duen “aurrerapena” nabarmenduta. Dena den, ohartarazi du “iraupen lasterketa baten aurrean gaudela Gipuzkoan atzean geratu ez dadin, eta horretarako egunero lanean jarraitu beharko dugula”.

“Horregatik, nire konpromisoa hautagai modura, eta EAJ-PNVrena, da Gipuzkoa finkatzen jarraitzea da, sendoa ekonomikoki eta gizarte zerbitzu gero eta indartsuagoekin”, adierazi du hautagai jeltzaleak, zeinaren lehentasunen artean ere baden Foru Aldundiaren beraren eraldaketa lortzea. “Gaur egun, foru erakundeak belaunaldi aldaketa bizi du, inoiz ez bezalakoa. Horregatik ahalegin guztia egingo dugu prozesu horrekin arrakasta lortzeko, eta gipuzkoarren errealitateei eta beharrei egokitutako erakundea lortu dezagun”, esan du. “Horretan jardungo dugu datozen lau urteotan. Eta horregatik eskatu nahi dugu bide ematea mahai gainean jarri dugun proiektu politikoari, Gipuzkoa sendoago bat lortu dezagun”, gaineratu du.

Azkenik, azpimarratu du azken lau urteotan bizikidetza arloan izandako hobekuntza nabarmena, lurraldeko herri eta auzoetan zegoen sumina nabarmenki gutxituta. “Jakin badakigu elkarlanean aritzea dela bidea etorkizuneko erronkei heldu diezaiegun, talde-lana baita indartsu egiten gaituena”, amaitu du.

 

EAJ-PNV da Espainiako politikaren hondatzearen aurrean dugun segurtasun sistema

Markel Olanok, gero eta gizarte berdinagoa eraikitzeko, industriaren lehiakortasunaren eta kohesio sozialaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du gaur Arrasaten, han egin den ekitaldi politikoan. Horrela defendatu du Gipuzkoako eta Euskadiko eredu sozio-ekonomikoa, Estatuko xenofobiaren eta ultraeskuinaren egungo hazkundeari aurre egiteko berme gisa.

Olanok gogorarazi duenez, “Estatuan eta Europa mailan desberdintasun sozialak handituz doazen une honetan, Gipuzkoan eta Euskadin, aldiz, murrizten ari dira”. Azaldu du “xenofobiak eta ultraeskuinak desberdintasun hauetatik edaten” dutela, eta “armak eramateaz” hitz egiten dutela “herritarren artean beldurra, mesfidantza eta zatiketa zabaltze helburuarekin”. Bien bitartean, “hemen zarata handirik ateratzeke, desberdintasunak gutxitzen doaz”, esan du. Egoera hau, “eredu propioa dugulako” gertatzen dela adierazi du Olanok, “gure industriaren lehiakortasunean eta kohesio sozialean oinarritutakoa”. “Hori da gure bidea, Gipuzkoa sozialki eta ekonomikoki sendotzen jarraitzea”, aldarrikatu du, “hori da ultraeskuinaren eta xenofobiaren aurkako txertorik onena”. Estatuko politikaren “zarataren eta nahasmenaren aurrean”, Markel Olanok adierazi duenez, “hauteskunde hauetan ez gaude ultraeskuinari aurre egiten, Espainiako politikaren hondatzeari eta populismoari baizik”. “EAJ-PNV da deriba honen aurreko segurtasun sistema”, aldarrikatu du hautagaiak.

Hala, egungo Gipuzkoako diputatu nagusiak agertu du momentu honetan gure lurraldeak duela 4 urte baino ekonomia sendoagoa eta gizarte orekatuagoa daukala. Horren “meritu nagusia”, azaldu du, “gure enpresetan eta kooperatibetan lan egiten duten pertsonei dagokie, “egunez egun produktuak hobetu eta gure industriaren aurrerabidean lan egiten dutenak, “bai europar merkatuetan, zein Txinan, Australian, Mexikon ala Estatu Batuetan”. Gure gizartearen antolaketari ere egotzi dio diputatu nagusirako hautagaiak egoera hau, azalduz, “gizarte antolatua” dugula; alde batetik “dagokiona eskatzen duena”, baina, bestetik, egoera ahulenean daudenen bizitzak hobetzeko euren talentua eta denbora ematen ere badakiena”.

EAJ-PNVren proposamena, Olanok azpimarratu duenez, “eredu sozial eta ekonomikoki horri bidea ematea da”, herritarrekin kolaboratuz, “pertsona guztiek euren bizi-proiektua garatu ahal duten Gipuzkoa hori eraikitzen jarraitzeko”.

Hitza bete dugu

EAJ-PNVren eredu honi, “Estatuan bizi duten noraez eta zarata etengabea” deitu dion horri kontrajarri dio Olanok eta ohartarazi du Gipuzkoan ere bizi izan zela “paralisi eta enfrentamendu egoera hori” aurreko legealdian, Bilduk Aldundiaren gobernua hartu zuen garaian.

“Lau urte geroago, gizarteari eman genion hitza bete dugu”, esan du Olanok. Adibiderik onena, haren esanetan, Deskargako obra da. EAJ-PNV Aldundira iritsi zenean geldi aurkitzen zen obra bat zen, “arriskuak sortzen zituen eta lan teknikoki oso konplexua behar zuena”. “Kudeaketa oso eraginkor baten ostean, errepidea datorren asteartean irekiko dugu eta Debagoiena bezalako eskualde klabe baten komunikazioak hobetuko dira, gure enpresen lehiakortasuna hobetuz”.

Halaber, berak zuzentzen duen Aldundiak ekonomia suspertzeko egindako lanari balioa eman dio Olanok, “enpresei egin dituzten apustu berrietan laguntzeaz gain, etorkizuneko industriaren oinarriak izango diren sektoreen alde eginez”. Gizarte politiketan egindako lana ere nabarmendu du Olanok Arrasaten, Elkar-EKIN plana hizpide hartuta. “Plan honek, enplegu duinaren bidez, erantzuna ematen die bazterketa ala pobrezia arriskuan dauden pertsonei, lan-prekarietatetik ateratzeko zailtasun handiak dituztenei, hain zuzen”.

Konpromisoaren eta gazteen talentuaren alde egiten dugu, Gipuzkoa aurrera jarraitzeko

Markel Olanok bere web orri berria aurkeztu du gaur, datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetara begira egina (www.markelolano.eus).  Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, hogeita hamar bat gazterekin sare sozialei eta ingurune digital berriari buruz egindako topaketan egin du aurkezpena diputatu nagusiak.

“Diseinu erraz, bisual eta intuitiboa dauka, eta iraganak, orainaldiak eta etorkizunak bat egiten dute bertan, legealdi honetan izandako lorpenak zein datorrenerako ditugun proposamen nagusiak jasotzen baititu web orriak. Datozen foru hauteskundeei begira, gure komunikazio erreminta nagusia izango da”, azaldu du hautagai jeltzaleak. Olanoren ustetan, plataforma berriari esker “herritarrekin dauzkagun komunikazio kanalak indartuko dira”, bi helbururekin: “gure proposamenak era argi eta erakargarrian aurkeztea, batetik, eta partaidetzari atea irekitzea posta elektronikoa eta sare sozialen bidez, bestetik”.

Olanok gogorarazi duenez, lurralde osoan zehar, herritarrekin eta eragile sozialekin eta ekonomikoekin egindako topaketak “funtsezkoak” izan dira Gipuzkoarentzat estrategikoak diren proiektuak abiarazteko.”Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko proposamenak diseinatu eta auzatzeko ezinbestekoak da gazteen parte-hartzea eta inplikazioa”. Hain zuzen, azken urteotan, ugariak izan dira Etorklizuna Eraikiz egitasmoaren barruan egin diren lan dinamika eta tailerrak, proposamen eta ideia berriak jasotzeko. “Hau da aurrerantzean ere jarraitu nahi dugun bidea, gazteekin batera egin nahi duguna”, erantsi du Olanok, “euren inplikazioa, konpromisoa eta formazioa Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko izan ditzakeen bidelagun onenak direlako”.

Webguneak eta sare sozialak, gaur egun, etorkizunerako kolaboratzen jarraitzeko informazio eta komunikazio kanalak dira. Gipuzkoak eta bere administrazioak apustu irmoa egin dute kudeaketa prozesuen digitalizazioan sakontzeko, desburokratizazioa sustatuz eta komunikazio kanal berriak irekitzeko, entzute aktibo batekin, lurraldean benetako komunikate digital bat eratzeko, Gipuzkoa alor digitalean eredugarri bilakatzeko.

Atari berria gaur goizean Gipuzko Buru Batzarrean egin den lan-topaketan aurkeztu du. Batzarraren xedea sare sozialak eta ingurune digital berriak aztertzea izan da, eta bertan 30 bat alderdikide gaztek hartu dute parte. Olanok, bere hitzaldian, azaldu du Foru Aldundiak legealdi honetan apustu garrantzitsua egin duela gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoaren alde, eta baita digitalizazioaren alde ere. Gogoratu duenez, Estatuko administrazio digitalik onenaren aitorpena jaso du berriki foru erakundeak. Esperientzia hau guztia oinarri, web orri berria “gertutasun eta gardentasun irizpideei jarraiki diseinatu dugu, betiere gaur egungo gizarteak dituen behar eta eskaerei zorrotz egokituta”.

Olanok gogoratu du EAJ-PNVren hauteskunde proposamenak pertsonak oinarri dituen Gipuzkoa sendoa eraikitzea duela helburu. Horretarako, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da ahalegin honetan eragile politiko, ekonomiko eta sozialak eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea. “Partaidetza modu berriak martxan jarri behar dira, eta horretan ari gara, gure lurraldeak etorkizunerantz berme guztiekin egin dezan. Horretarako, gero eta pertsona gehiagoren engaiamendua sustatu behar dugu. Web orri berri hau martxan jartzea, honenbestez, testuinguru honetan kokatzen da”, nabarmendu du.

 

Iragana, orainaldia eta etorkizuna

Ataria bost atal nagusitan banatzen da: azala, hautagaia eta bere taldearen profila, legealdi honetako lorpen nagusiak, datozen lau urtetarako proposamenak eta albisteen atala. Orriaren azalak azken berriak jasotzen ditu, Markel Olanok parte hartu duen ekitaldian agenda eta amaitzen ari den legealdi honetan lortutako 50 mugarri nagusien bilduma. Markel Olano atalean, bere aldetik, EAJ-PNVk maiatzeko hauteskundetara aurkeztu dituen zerrendetako buruen biografiak datoz: Markel Olano (Oria), Eider Mendoza (Bidasoa-Oiartzun), Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) eta Xabier Ezeizabarrena (Donostialdea).

Bestalde, Lau urte hauetan alorrean Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan lortu dituen aurrerapausoak biltzen ditu, hamar zifren bitartez irudikatuz. Puntu honetan, Olanok gogoratu du bere gobernu taldea foru erakundera iritsi zenean, 2015ean, paralizatuta zegoen Gipuzkoarekin eta gizartearengandik guztiz urrunduta zegoen Aldundiarekin topatu zela. Hala ere, azken lau urtetan egindako lanari esker, “gure lurraldearen ezaugarri diren jarduera eta dinamismoa berreskuratzea lortu ditugu, eta erakundea herritarrekin berriro ere konektatzea, politika egiteko modu berrien alde egin dugun apustuari esker”. Azkenik, Hurrengo lau urteak atalean, Markel Olano buru den hautagaitzak dituen lau lan lerro edo ideia nagusiak biltzen dira: ekonomia gehiago, gizarte zerbitzu gehiago, gure erakundeen defentsa eta politika egiteko era berrien aldeko apustu irmoa.

Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugu apustu

Markel Olano EAJ/PNVren diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Eibarren “Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugula apustu”. “Hau da, Estatuan dagoen muturreko zentralismo eta politika hutsalaren aurrean, gure erakunde sistema eta gure gizartea sendotzearen alde egiten dugu apustu, desberdinkeriaren aurrean eredu eraginkorra bezain jasangarria eraikitzeko”.

Markel Olanok azpimarratu duenez, legealdi honetan Gipuzkoako gizarteari “emandako hitza bete dugu”, izan ere “gure ongizate eta gizarte kohesio eredua indartu dugu, aurreko agintaldiko paralisi, gatazka eta inposizio garai hura atzean utzita”.

Horren harira, gogorarazi du “hilabete honetan bertan Deskargako autobidea amaituko dugula, hondakinen arazoa behin betiko konpondu dugula eta tokiko merkataritzaren kalitatea eta diferentziazioa sustatu dugula”. Gaineratu du industriaren “lehiakortasuna indartu” dutela, eta horrekin lotuta, oso garrantzitsua dela Eibar eta Debabarrena  lehiakortasun ekonomikoa, Eibar eta Debabarrena , berriro punta-puntan egon ahal izatea industria eta teknologian”.

Bestalde, oroitarazi du “Gipuzkoako gizartearekin dugun elkarrizketa eta elkarlana sendotu” dutela. “Proaktiboak izan gara, anbizioa izan dugu eta proiektu garrantzitsuak jarri ditugu martxan, Gipuzkoako etorkizuna prestatzeko”.

Halaber, Olanok esan du agintaldi honetan gizarte zerbitzuen “eredu gipuzkoarra indartu dugula, alde batetik apustu eginez enplegagarritasun aukerak sortzeko, baina ez bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baita langabezian edo lan egoera prekarioan dauden pertsonentzat ere”. “Eta bestetik, erantsi du- ibilbide orri bat martxan jarri dugu Gipuzkoako gizartearen zahartzeari aurre egin diezaiogun”.

Bestalde, adierazi du Espainiako estatuan zabaltzen ari diren “elkarrizketa falta, muturreko joerak eta noraezaren aurrean, Gipuzkoa indartu behar dugula”. “Izan ere, Estatuko lider eta alderdi nagusiengandik espero dezakegun gauza bakarra dira polemikak, elkarrizketa egoera eta erabateko blokeoa. Ez Sánchez, ezta Espainiako eskuina ere, ez dira pentsatzen ari euskal gizarteak eta gipuzkoarrok gaur egun ditugun desafioetan. Hauteskundeetan soilik gerturatzen dira hona, eta gainera proposamenik gabe etortzen dira, Gipuzkoarako proiekturik gabe”.

Josu Mendikute Eibarko EAJ/PNVko alkategaiak nabarmendu du Eibar lurraldearen “motor ekonomikoa” izan da, eta hala izan behar duela “etorkizunean ere”. Horren ildotik, esan du Eibarrek “proiektu traktoreak” behar dituela, hiria eraldatuko dutenak, eta horri helduko diotela. Eta bestetik, beharrezkoa dela Eibarko espazioei buruz hitz egiteaz gain,  Eibarrek espazioan duen tokiari buruz ere hitz egitea. Izan ere, gure alderdia da horretaz hitz egiten duen bakarra, hau da, nola ikusten gaituzten Gipuzkoan, Euskadin eta Europan. Beraz, lanari ekingo diogu Eibar erreferente izan dadin”.

Amaitzeko, Olanok adierazi du Gipuzkoa “indartsua eraikitzen ari garela ekonomia arloan, kohesionatua gizarte arloan, indartsua erakundeen aldetik; elkarlanean aritzen dakien Gipuzkoa, lurraldeko eskualde guztien artean eraikia, eta gipuzkoar guztion etorkizunari heltzen dakiena”.Horregatik, gizarteari dei egin dio “lankidetzan” jarraitu dezan, “proposamenei eta partaidetzari bide emanez. Hain zuzen, gizartearen inplikazioa lortu eta herritarren partaidetzara ireki ezean, ez du ezertarako balioko”. “Beraz, denon artean eraiki behar dugu etorkizuna, gizartea erdigunean jarri eta aldaketaren lidergoa emanez”,  ondorioztatu du hautagai jeltzaleak.